Informazio orokorra
Bailara: Baztan
Biztanleak: 283
Amaiur 1665ean banandu zen Baztandik, eta 1969an, alegia, hiru mende gerora, berriz ere bat egin zuen Baztanekin. Herriaren sarreran arkua dago, herriaren ataria da eta herri-gunearen muga adierazten du. Arkua baino lehen, XVII. mende bukaerako gurutze-harria dago. Amaiur, ohiko karrika herria da, kilometro erdiko luzeran hedatua. Etxeen aitzinaldeak ez daude lerrokatuta, eta ez dira denak berdinak; hartara, karrikaren monotonia hausten da, eta perspektiba ezin hobeak ematen ditu. Amaiurko etxeak arkitekturaz anitzak eta aberatsak dira; izan ere, ibarreko kategoria tipologiko gehienak ageri baitira bertan.
Bestak
Herriko bestak: Abuztuaren 15ean eta ondoko egunetan ospatzen dira, Jasokundearen Ama Birjinaren omenez.
Interes turistikoa duten lekuak
Amaiurko gaztelua eta monolitoa
Amaiurko lekurik aipagarrienak gaztelua eta monolitoa dira. Amaiurko Gaztelua, Nafarroako Erresumako azken gotorlekuetako bat izan zen, Gaztelako Erresumak egindako konkistan eroritako azken defentsetako bat. Askotan aipatzen da Nafarroak 1512an galdu zuela independentzia, Noaingo gudua galdu eta gero, baina badakigu Nafarroako koroaren jarraitzaile leial batzuek, buru egin nahian, Amaiurko Gazteluan bilatu zutela aterpea. Jaime Velaz Medrano alkaidearen agindupean zeuden soldadu talde agramondarrek gaztelua adore handiz defendatu bazuten ere, 1522an guztiz suntsitu zuten gaztelarrak. Egun bertan ikusiko dugun monolitoa, XX. mende hasieran eraiki zuten eta Nafarroako dinastiak bere lurraldea berreskuratzeko egin zuen azken ahaleginaren oroigarria da. Gazteluko indusketak eta behatokia bisitatu daitezke bertan, Amaiurko eta Baztango bista ederrak daude bertatik.
Amaiurko errota
Artxibo iturrien arabera, 1280. urtean, Amaiurko errotak diru saria ordaintzen zion Nafarroako Erresumari. Errota, XVIII. mende erdialdekoa dela uste da, nahiz eta eraikinean 1897 data duen harri tailatua egon. Amaiurko errotak iraganeko jarduera gogorarazten dio bisitariari eta herriko etxe dotore baten beheko solairuan dago. Hala nahi izanez gero, taldeek errota eta bere funtzionamendua ezagutzeko parada dute, bisita gidatuei esker. Horrez gainera, hango talo gozoak dastatzen ahal dira.
Jauregiak eta arkitektura
Aipatzekoa dira Arretxea jauregia (XVI. mendekoa), Borda jauregia (1728an oinetxe kategoria lortu zuena) eta Arriada etxea (bertan batzarrak egiten ziren, XVI. mendean), guztiak herrian zehar ibiliaz ikusiko ditugu.
Zerbitzuak
Kokapena
Informazio gehiago
Baztango Turismo Bulegoa (Elizondon)
Foruen Plaza, Elizondo
Tel. 948 581 517
Baztango webgune turistikoa
Baztango Udala (Elizondon)
Tel. 948 580 006