Scroll Top

Oieregi

Informazio orokorra

Bailara: Bertizarana
Biztanleak: 51 (2018)
Azalera: 22,88 Km2

Bertizaranako udalerria osatzen duten hiru kontzejuetako bat da Oieregi. Bidasoa ibaiaren ertzean kokatzen da herria, eta errepide berria egin baina lehen, bertatik pasatzen zen Iruña eta Irun elkartzen zituen errepide nazionala. Oieregi, Baztan bailararen atea ere bada, Oronoz-Mugairirekin egiten baitu muga, baita Legasako eta Nabarteko kontzejuekin eta Etxalarrekin ere.

Oieregin aurkitzen da Nafarroako babestutako naturgune garrantzitsu eta ederrenetariko bat; Bertizko Jaurerria Natur Parkea. Urte luzetako historia duen eremua da Bertiz, jabe ezberdinak ezagutu ditu, denetan ezagunenak Dorotea Fernandez eta Pedro Ciga izan zirelarik. Egun, 2.040 hektareako baso aberatsa eta munduko 126 espezie ezberdin dituen lorategi historiko-artistikoa ezagutzeko aukera dago Bertizen. Natur Parkearen sarreran aurkitzen da Nafar Gobernuaren zonaldeko Turismo Bulego nagusia.

Bestak

Herriko bestak: San Juanetan, ekainaren 24an, ospatzen dira Oieregiko bestak.

Interes turistikoa duten lekuak

Bertizko Jaurerria Natur Parkea

Natur esparru babestua, berezia, aberatsa eta historia handikoa da hau. Parkearen sorreraz hitz-egiteko XIV. mende bukaerara joan beharko ginateke, baina Nafarroako lehen Natur Parkea izango zenari benetako bulkada, bertako jabeak izan ziren Dorotea Fernandez eta Pedro Cigaren lanak eman zion. Hauek burututako babeste lanengatik batez ere ezagutzen dugu gaur egun bere aberastasun guztia, izan ere, 1949an Nafar Gobernuari eman zioten eremua dohaintzan. Bertizko Jaurerrian 2.040 hektareako baso babestuan zonaldeko espezie multzo anitza ikusi daiteke, hau ezagutzeko, oinez nahiz bizikletaz egiteko seinaleztatutako mendi ibilbideak eskaintzen ditu Natur Parkeak. Sarreran, 100 urte dituen Bertizko lorategi historiko-artistiko ikusgarria aurkitzen da; munduko 126 espezie dituen lorategia, Bertizko jauregia, Naturaren Interpretazio Zentrua, kapera modernista berezia,…

Erreparazeako zubia

Bidasoa ibaia zeharkatzen duen zubi erromaniko ederrenetarikoa da hau. Puntu erdiko begi bakar eta handia du, eta 1991-92. urtean zaharberritu zen. Alde batean Erreparazeako jauregia du, zubiaren beste aldean berriz, Bertizko Jaurerriaren basora sartzeko ateetariko bat aurkitzen da. Kultura-intereseko ondasun bezala deklaratua dago duen balioagatik.

Erreparazea jauregia

Bidasoa ibaiaren ertzean kokatuta, erdi aroko jatorria du baina XVIII. mende bukaeran berreraikia izan zen. Bi aldeetan, lau alturatako bi dorre lauki nagusi ditu, erdian aldiz hiru alturako eraikin handi eta ederra da. Kultura-intereseko ondasun deklaratua izan zen eta Erreparazeako zubiaren ondoan aurkitzen da.

San Juan Bautista eliza

Estilo gotikoa duen eliza da. Lau uretako teilatua, puntu erdiko arkuak eta zonaldeko harri gorria nabarmentzen dira.

Zerbitzuak

Kokapena

Informazio gehiago

Bertizaranako Udala (Narbarten)

bertizarana.eu

TEL. 948 592 018

ayuntamientobertizarana@gmail.com

Oieregiko Kontzejua

TEL. 948 592 050