Arantza

Informazio orokorra

Bailara: Bortziriak.
Biztanleak: 623 (2017)
Azalera: 31,2 km2

Arantza eskualdeko herririk menditsuena da. Zuhaiztien eremuen hedadurari dagokionez %50a gainditzen du eta gainontzekoa belaiak eta iralekuak dira. Bizilagun gehienak herrigunean bizi dira asko baserrietan bizi badira ere. Egun, abeltzaintzak nekazaritzak baino indar gehiago du baina gutxi dira hortik bakarrik bizi direnak. Gehienak, Bera eta Lesakako industrialdeetan aritzen dira lanean.

Arantzan aurkitutako lehen giza aztarnak orain dela 4.000 urte ingurukoak dira, hainbat hilobi eta trikuharri aurkitu dira. Megalito horiek mendi bizkar eta gailur txikietan agertu dira eta ziurrenik, inguruko gizakiaren lehenengo aztarnen lekukoak izan ziren. Arantza herrigunea aldiz, XIII. mendean sortu zuten Nafarroako erregeek. Erdi Aroan eraiki ziren lehenengo burdinolak, herrigunetik kanpo eta erreka ondoan. Burdinolez gain, ikazkintza ere garatu zen.

Bestak

Herriko bestak: abuztuaren 15ean ospatzen dira Amabirjinaren omenez. Besten ondoren, hurrengo asteburuan, gazteek rock kontzertuak antolatzen dituzte.

Inauteriak: bi aste lehenago izan ohi dira. Bi pertsonaia talde izaten dira: “mozorro zuriak” eta “mozorro beltzak”.

Bertze bestak

Arantzako mendi itzulia: bi urtetik behin antolatzen da, maiatza aldera, eta ibilbidean herriko mendietako tontorrak zeharkatzen dira.

Baserritarren Eguna: azaroaren 1ean ospatzen da. Frontoian herriko produktu eta eskulanen erakusketa eta salmenta izaten da eta Herriko Plazan, berriz, azienden erakusketa.

Eguberriak: abenduaren 24an Olentzero Eguna izaten da eta urtarrilaren 5ean Errege Magoen kabalgata egiten da.

Interes turistikoa duten lekuak

Herriguneko bisita

Ibilbidean antzinako iturri eta garbitokiak ikusten ahal ditugu; XVI-XVIII mendeetako etxeen fatxadak ederrak; Herriko Etxea bere armarri zaharrarekin eta eliza, XVI. mendean eraikia, XVIII. mendean handitua eta XIX. mendeko kanpandorrea duena.

San Juan Xar-erako ibilbidea

(S.L. NA-1, erraza, 5,700 km ): Galtzada ikusiko dugu baita harrizko zubia edo herriko erreka bazterrak ere. Aranibar izeneko XV. mendeko dorretxea aurkituko dugu bidetik eta San Juan Xar-eko kobazulora iritsiko gara (Igantziko lurretan), iturria eta xarma baso bat (Carpinus betulus) dago babestutako natur gunean, Iberiar penintsula osoan modu naturalean hemen bakarrik sortzen den espeziea da.

Izu-Artikutza mendien ibilbidea

(P.R. NA-10, ertaina, 14,520 km): Artikutzako mendi eta basoan barna, ikuspegi ederrak. Baserriak eta nekazarien bizimodua ezagutzeko aukera polita.

Zerbitzuak

Kokapena

Informazio gehiago

Arantzako Udala

www.arantza.eus 

Tel.948 634 005

arantza.udala@arantza.eus