Informazio orokorra
Bailara: Baztan
Biztanleak: 589
Baztango herririk garrantzitsuenetariko bat da Arizkun, mendeetan zehar izan duen garapen sozial eta ekonomikoarengatik, eraikuntza nobleen tamaina eta dotoreziarengatik eta baita arretaz mantendutako antzinako ohiturengatik ere. Honez gain, Arizkungo Bozate auzoan Agoteak bizi izan ziren XIV mendetik aurrera. Giza talde hau historikoki baztertua izan da, eta haien jatorriaz hainbat iritzi dago, hala nola, beste herritarrek zituzten eskubideak ukatzen zitzaizkietela adibidez. Bozate auzoan baztertuak bizi izan ziren urte luzez, eta musikari eta zurgin onak zirela erraten da. 1817 urtean Baztan eta Nafarroako herritarren eskubide berdinak onartu zitzaizkien eta urteekin, komunitate honen gizarteratzea eman zen.
Bestak
Herriko bestak: Ekainaren 24an dira, San Joan Bataiatzailearen ohoretan.
Interes turistikoa duten lekuak
Urtsua jauregia (Bozate auzoa)
Leinu-etxea. Erdi Aroko arma-dorrea, Nafarroako nobleziaren sortetxerik zaharrenetako bat. Kondairaren arabera, dama eder bat, Iparraldeko Lantain etxeko alaba, Urtsua jauregiko oinordekoarekin ezkondu zen. Ezteietan, andrea haurdun zegoela ohartu zen senarra. Senarrak lotara joan aitzin jauregiko ermitara joan behar zutela erran zion. Etxeko atarian andrea iraindu, ezkontza-jantzia soinetik kendu, eta zetazko zapi batez ito zuen. Ondoren, zaldia hartuta, Frantziara ihes egin zuen. Batzuek erraten dute zaldiak ferrak atzekoz aurrera iltzatuak zituela, ihesaren arrastoak nahastearren.
Santxotena Parke – Museoa (Bozate auzoa)
Xabier Santxotena artistak gonbit egiten digu atari zabalean egin duen museoa ezagutzera. Leku honetan, euskal mitologia biziberritu egiten da zuraren bitartez. Oinez egiteko moduko zirkuituak bordaz borda gidatuko zaitu eta gurpildun aulkientzat moldatuta dago. Gaiari dagokionez, nagusiki euskal mitologiari lotua dago. Bilduman ageri diren irudi aunitz lamiak dira; hau da, arrain gorputza duten emakumeak. Halaber, mikeldiak ageri dira, hots, pertsonaia totemikoak.
Aingeruen Ama Birjinaren komentua
Erlijio-eraikinetan, Aingeruen Ama Birjinaren komentua da aipatzekoa, hau XVIII. mendeko eraikina da eta armarri guztiz ederra du harrizko fatxada barrokoan. Klaretarren komentu hau Joan Bautista Iturralde jaunak – Murillo el Cuendeko markesak – eta haren emazte Manuela Munarriz andreak sortu zuten. Iturralde Arizkungoa zen izatez, baina Madrilen diru asko egin zuen goi-intendente kargua betetzera iritsi zelako Errege-Ogasunean. Oinordekorik ez zuela-eta, Arizkungo komentua eraikitzeko eskaini zuen bere herentzia. Iturralde etxe ederraren ondoan eraiki zuten, hura baitzen bere gurasoen leinu-etxea.
Gamioxarreako dolarea
Orain dela urte batzuk, dolarea txukundu eta lehengoratu zuten. Gamioxarreko dolarea XVIII. mendeko dolarea da (dolare barrokoa). Urtero, Jo ala Jo elkarte kulturalak Kirikoketa besta antolatzen du (udazken aldera, sagarra jasotzen den aroan), sagardoa lehenago nola egiten zen ikusteko.
Zerbitzuak
Kokapena
Informazio gehiago
Baztango Turismo Bulegoa (Elizondon)
Foruen Plaza, Elizondo
Tel. 948 581 517
Baztango webgune turistikoa
Baztango Udala (Elizondon)
Tel. 948 580 006