Informazio orokorra
Bailara: Malerreka
Biztanleak: 232 (2017)
Azalera: 28,13 km2
Beintza eta Labaien auzoak dira udalerriko bi populazio nukleo nagusiak. Erran daiteke, aspaldidanik Beintza eta Labaienek udalerri bateratua osatu dutela, izan ere, 700 metrok bakarrik banatzen ditu biak, udaletxea Labaienen dago kokatuta, hau baita bietan handiena. 1192. urtean foruak jaso zituen udalerriak, Nafarroako Errege Santxo VI. Jakitunaren eskutik. Altueran 450 metroetan kokatuta, Saldias, Urroz, Zubieta, Goizueta, Ituren eta Eratsunekin egiten du muga. Hegoaldean Basaburua eta Ultzamako bailarak ditu.
Leku lasai eta ederrean dago kokatuta Beintza-Labaien, nabaria da honen natura aberastasuna, batez ere, natura-gune babestuan dauden Leurtzako urtegiak aurki ditzakegu bertan (Beintza-Labaien eta Urrozko lurretan kokatuta).
Bestak
Herriko bestak: Abuztuaren lehendabiziko asteburuan hasi eta asteartearekin bukatzen dira. Herriko bestetan, herri-kirolen erakusketak eta aizkora apostuak antolatzen dira, herri bazkaria, bertsolariak, musika…
Inauteriak: Egutegiaren arabera, data ofizialetan ospatzen dira inauteriak.
Bertze bestak
Elkartearen eguna: Maiatzeko lehen asteburuan ospatzen da.
Urriko besta: Urrian zehar egiten da data zehatzik gabe. Besta honetan, ohikoa da aretxe bat edota zerri bat erretzea, elkartzen direnen artean bazkaria egiten da.
Interes turistikoa duten lekuak
Kruzeroa
Errota parean kokatuan dagoen gurutzea, XVI. mendekoa da. Kondairak dioenez, bi auzoen arteko bakea sinatzeko eraiki omen zen 1599. urtean. Ordura arte izan zituzten gatazken edo tira-birei amaiera jartzeko hain zuzen ere.
Eliza
Beintzan kokatua dago San Pedro eliza gotiko-errenazentista, XVIII. mendeko erretaula barrokoa du eta bertako irudiak XVI-XVIII mendekoak dira.
Leurtzako Urtegiak
Beintza-Labaien eta Urrotzeko eremuetan badaude ere, Leurtzako Urtegietara iristeko Urrotzeko herrigunea gurutzatu behar dugu bertaraino iristen den mendiko errepidea hartzeko. Natur-eremu babestu honek, 381 hektarea ditu eta Nafarroako Gobernuak 1987an “Aisiarako Natur Eremua” deklaratu zuen bere balio ekologikoak zaintzearren. Bertako fauna aberatsa da eta, bat nabarmentzekotan, baso-igel gorria azpimarra dezakegu. Gune honetan, seinaleztatutako ibilbide paisajista ezberdinak aurki ditzakegu, urtegietan bainatu daiteke eta mahaiak dituen askaldegi eremua dago.
Zerbitzuak
Kokapena
Informazio gehiago
Beintza-Labaiengo Udala
Tel. 948 450 864
Leurtzako Urtegiak