Scroll Top

Informazio orokorra

Bailara: Bortziriak
Biztanleak: 3.765 (2016)
Azalera: 35,6 Km2

Nafarroako ipar-ekialdean dago Bera, Bidasoa ibaiaren ertzean, Lapurdi eta Gipuzkoarekin duen mugan. Arantza, Etxalar, Igantzi eta Lesakarekin batera, Bortzirietako herria da Bera. Iparraldetik, Biriatu, Azkaine eta Urruñak mugatzen dute; ekialdetik, Sarak; hegoaldetik, Etxalarrek eta mendebaldetik, Irun eta Lesakak.
Berak duen kokapen estrategikoa dela eta, honen historiak beti izan du mugarekin erlazio zuzena. 1402an Nafarroako errege Karlos Nobleak Lesakako eta Berako herritarrei hainbat pribilegio eman zizkien, bere lurra gipuzkoarren eta lapurtarren aitzinean defenda zezaten. Hainbat gerratek ere arrastoa utzi zuten herrian, Konbentzio gerran (1793-1795) Espainiako tropek okupatu zuten lehenik Bera eta beranduago frantsesek hartu zuten herria. Gerra napoleonikoak zirela eta, 1813ko abuztuaren hasieran, tropa aliatuak, Wellingtongo dukea buru zutela, Bortzirietan, Urdazubin eta Donezteben finkatu ziren. Lehen karlistaldian (1838), liberalek herria utzi zutenean Berako eliza erre zuten. 1872an Karlos Borboikoa Beratik sartu zen, Amadeo Savoiakoaren aurkako gerra aldarrikatzeko. Bigarren karlistaldian aldiz, Santa Kruz apaizak zenbait borrokaldi eragin zuen Beran.

Bestak

Herriko bestak: Abuztuaren 2tik 6ra San Esteban zaindariaren bestak ospatzen dira (abuztuaren 3an da San Esteban eguna). Mota guztietako jarduerak izaten dira: musika, dantzak, herri kirola, kukaña eta bertze ekitaldi batzuk. San Esteban egunean, santuaren omenezko meza nagusia egiten da eta jarraian, bordon dantza eta makil dantza dantzatzen dituzte herriko dantzariek. Arratsaldean, berriz, Berako aurreskua dantzatzen da.

Inauteriak: Hausterre egunaren aitzineko egunetan ospatzen da inauteria. Ortzegun goizean, zingar-arraultze eskean etxez etxe ateratzen dira haurrak. Arratsaldean, inudeak eta artzaiak dantzan aritzen dira. Aitzineko larunbatean, hau da, hausterre baina bi asteburu lehenago, kaldereroen konpartsak ikusten ahal dira herritik. Igandean inudeak eta artzaiak konpartsa ateratzen da; mutikoak neskaz mozorrotzen dira; neskak, berriz, mutikoz. Hauek egiten duten dantzarekin batera, pertsonaia eta musikari xelebreen konpartsak laguntzen du. Astelehen goizean, zingar-arraultze eskea egiten da baserrietan eta auzoetan.

Bertze bestak

Bestaberri: Bestaberri egunean prozesioa egiten da, bertan txistuz jotzen dute Alkate soinua, besta egun horretarako propio egina. Prozesioaren ibilbidean oihal bat zabaltzen da, eta iratzez estaltzen da gainerako lurra. Adarrez eta lorez apaintzen dira hormak. Txistuak jotzen duen doinuarekin batera mugitzen da herriko bandera.

Lurraren Eguna: Lurraren Eguna urriaren laugarren igandean egiten da, Gure Txokoa elkarteak antolatuta. Gauza aunitz izaten dira: artisauak, gazta eta sagardo lehiaketak, bertako produktuen erakusketa, musika, dantzak, etab.

Urtezahar gaua: Urtezahar arratsaldean “Glin-glan” egiten da, auzoz auzo eskean ibiltzen dira haurrak. Leihoetatik fruitu idorrak, gozokiak, fruta, etab. botatzen dizkiete. Iluntzean aldiz, Diostesalbea, koplak kantatzen dira, urte zaharrari agur egiteko eta urte berriari ongietorria egiteko.

Interes turistikoa duten lekuak

Berako herriko etxea

1776. urtekoa. Estilo neoklasikoa du, gerora aldaketak izan dituena. Harlanduzko sei arkuk osatzen dute arkupea. 1983an, fatxada berritzean, pintura aztarnak agertu ziren. Egungo pintura aztarna horietan oinarrituta eginak dira; Julio Caro Barojak marraztu zituen, eta Juan Ignacio Larramendi margolari beratarrak pintatu.

Itzea etxea

Baroja sendiaren etxea, auzoari izena ematen diona. 1912an erosi zuen familiak. Etxe honetan garatu zuten haien lanen zati garrantzitsu bat Carmen, Pio eta Ricardo Barojak eta Julio Caro Barojak berak. XVII. mendearen azkenaldian eraikitakoa da, eta egurrezko hegatzeko taila ikusgarria du. Hegatzak pizkunde garaiko estiloa du, XVI. – XVII. mendeetan Nafarroan eta Aragoiko etxe eta jauregietan ohikoa den estilokoa. Errekaren bertze aldean, Jorge Oteizak Pio Barojaren omenez egindako oroitarria ikusten ahal da. Etxea ez da bisitatzen ahal. Pareko etxean (Domiñenea) harrian zizelkatutako hiru aurpegi daude. Itzea etxetik aitzinera joanda, Errotatxo etxea eta hango zubia xoko politak dira.

San Migel zubia

1813ko irailaren 1ean, Espainiako Independentziaren Gerran, gudaldi gogorra izan zen zubi honetan Frantziako tropa eta aliatuen artean, bertan dagoen Daniel Cadoux militarraren hilobiak agerian uzten duen bezala. Zubia berriki auzolanean berreskuratua izan da eta Bidasoa ibaiaren gainean dagoenez, alde bat Berarena eta bestea Lesakarena da.

Zerbitzuak

Kokapena

Informazio gehiago

Berako turismo bulegoa

(Aste Santuan eta udako denboraldian irekia)

Eztegara pasealekua 11 (Kultur Etxean)

Tel. 948 63 12 22

turismoa@bera.eus

Ibardingo turismo bulegoa

(Aste Santuan eta udako denboraldian irekia)

Ibardingo kaskoa (Bera), gasolindegiaren parean

Tel. 607 75 00 51

ibardinturismoa@bera.eus / www.ibardin.net