Informazio orokorra
Bailara: Bortziriak
Biztanleak: 804 (2016)
Azalera: 47,05 km2
Etxalar mendi eta basoz inguraturik dagoen herri polit eta lasaia da. Sara, Bera, Lesaka, Igantzi eta Baztan ditu mugakide. Usategiengatik batez ere ezaguna bada ere, honen herri arkitektura ederragatik nabarmentzen da Etxalar. Bere kaleetatik etxeen edertasun eta historiaz goza daiteke eta Andra Mari Birjinaren eliza kanpoaldeko lorategian, herriaren bereizgarri diren estelak aurki ditzakegu. Bere eraikuntzen artean, Erdi Aroko Gaztelu dorrea dago, Tximista erreka ondoan kokatua eta garai batetan Nafarroako Erreinuko arma-leku izan zena. Herri arkitektura interesgarri eta zaindua du, eta horregatik eman diote herriak edertu eta hobetzeko Turismo Sari Nazionala.
Bestak
Herriko bestak: Abuztuaren 14tik 18ra ospatzen dira Andra Mari Zaindariaren egunaren inguruan (abuztuaren 15ean). Hainbat egunez musika, dantza eta hainbat ekitaldiren ondorean, abuztuarean 18an, bestetako azken egunean ospatzen den “asau” bazkari herrikoiak ixten ditu bestak.
Inauteriak: Ortzegun gizenean, eskean ibiltzen dira goizez etxez etxe eta arratsaldez antzerkiak herrian zehar Landagain eskolako haurren eskutik. Igandean Kintoen bazkariak izaten dira. Herriko kinto desberdinek bazkariak antolatzen dituzte. Inauterietako astelehenean, herriko gazteak herriko baserrietan barna eskean ibiltzen dira. Asteartean, mozorroen desfilea egiten da goiz-eguerdian. Arratsaldez musika eta animazioa egoten da.
Bertze bestak
Gasna eta artisau feria: Ekaineko lehen igandean.
San Juan Suak: Ilunabarrean berendu-afari herrikoia frontoian. Herriko itzulia egin ondotik suak pizten dira plazan.
Usategietako tradizioaren besta: Usategietako sasoia hasi aurretik ospatzen den besta da. Iraileko azken edo azken aurreko igandean izaten da.
Usategietako igandea: Urriko 3. Igandean ospatzen da.
Ela-ela: Abenduaren 31an herriko haurrak eskean ibiltzen dira etxez-etxe “Urtatxa” biltzen eta “ela-ela” kantatuz.
Interes turistikoa duten lekuak
Etxalarko Usategiak
Etxalarrek duen gauza aipatuen eta ezagunena da. Erdi Arotik hasita, sarez egiten den ehiza mota berezia. Sara eta Etxalarko mugaren bi aldeetatik jasotako trepetan, zatarra eta makila tresna dituztela, hamahiru pertsonek egiten dute ehizaldia, urriaren 1etik azaroaren 20ra arte.
Infernuko errota
Baztan eta Etxalar banatzen dituen Infernuko errekaren gainean eraiki zuten Karlismo garaian. Gerra zibil garaian, klandestinoki funtzionatu zuen eta inguruko herritarrek artoa eramaten zuten bertara honekin irina egiteko. Errota alde batetik Etxalarko lurren gainean dago eta bertzetik Lekarozkoetan, bi herrietatik joaten ahal da bertara. *Infernuko errota mendi ibilbidea Etxalartik (SL-NA 13, erraza, 10,300 km) Joan etorriko ibilbide lineala da. Etxalartik Zugarramurdirako bidean dagoen Orizki gaineko aparkalekutik hasten da.
Santa Krutz ermita eta zubia
XVI. mendean eraikia (1500-1550), barnean Jesukristoren XVI. mendearen hasierako irudia dago. Sarrerako lorategia garai desberdinetako gurutzez inguratua dago eta estilo erromanikoko zubi eder bat dago. Santa Krutz egunean bertan meza ospatzen da. Kondairak dion bezala, ondoko belardi handian inguruko sorginek akelarreak ospatzen omen zituzten.
Zerbitzuak
Kokapena
Informazio gehiago
Etxalarko Turismo Bulegoa
Jauregieta 5 (Kultur Etxean)
Tel. 948 635 386
Etxalarko webgune turistikoa
Etxalarko Udala
Tel. 948 635 005