Scroll Top

Feriak

Herri askotan azienda feriak eta azoka ezberdinak antolatzen dira urte guztian zehar. Azoka hauek aukera paregabea dira bertako produktuak ezagutu, dastatu eta ekoizleari produktuak zuzenean erosteko. Beheko hauek dira Baztan-Bidasoako azoka nagusi eta handienak:

LURRAREN EGUNA , BERA

Udazkenean, urriko laugarren igadean ospatzen den azoka da Lurraren Eguna. Feria honetan nekazal produktuak erosteko aukera paregabea dago, inguruko nekazari eta abeltzainen produktuak ikusiko ditugu postuetan, barazkiak, fruta,… baita inguruko artisauen lanak ere.

UDABERRIKO FERIA, DONEZTEBE

Maiatzean ospatzen da, lehen edo bigarren ostiralean. Doneztebeko kaleetatik inguruko baserritar eta ekoizleen produktuak erosi eta dastatzeko aukera izanen dugu, baita bertako komertziante eta artisauen produktuak ikusi edo erosteko aukera ere. Taloak jateko aukera ere egoten da.

GASNA ETA ARTISAU FERIA, ETXALAR

Ekaineko lehen egunetan ospatzen da, lehen asteburuan normalean. Inguruko gaztak aurkezten dira lehiaketara, gazta hoberenaren saria irabazi nahiean. Gazta lehiaketaz gain, artisauen feria egoten da, baita bertako produktu eta janarien postuak, musika eta dantzariak ere.

UDAZKENEKO FERIA, DONEZTEBE

San Martin egunaren ondoko ostiralean ospatzen da normalean. Bertako produktuez beteriko postuak ikusiko ditugu Doneztebeko kaleetan barrena, batez ere janari postuak eta artisauak. Taloak eta gaztainak jateko aukera dago azienda feria eta landa eremuko lanabesak ikusten diren bitartean.

UDABERRIKO FERIA, ELIZONDO

Feria hau udaberri hasieran ospatzen da, Pazko egunaren hurrengo ostiralean. Inguruko nekazari eta abeltzainak beraien azienda hoberena ekartzen dute Elizondora; ardiak, behiak, pottokak,… Janari eta artisautza postu pila ere ikusiko ditugu kaleetan, eta gazta, sagardoa, taloak, mermeladak, pomadak, egurrez edo burdinez egindako lanak, xaboiak, arropa,… erosteko aukera ere egoten da. Goizean, “bustiak” banatzen dira, Baztanen jaten den plater tipikoa da hau.

UDAZKENEKO FERIA, ELIZONDO

Normalean urriko azken ostiral eta larunbatean izaten da. Ostirala da ferietako egun garrantzitsuena eta Elizondoko kaleetan inguruko abeltzainen azienda eta artisauen lanak ikusteko aukera dago. Postu pila ikusiko ditugu; lurra lantzeko lanabesak, garaiko nekazal produktu eta jakiak, taloak,… Egun horretan, herriko jatetxeak ferietako menua eskaintzen dute. Pilota partiduak eta herri kirolak ikusteko aukera egoten da.

LESAKAKO FERIAK; BORTZIRIETAKO AZIENDA  FERIA

Azaroan ospatzen den feria da Lesakakoa, hirugarren osteguna izaten da egun garrantzitsuena. Bortzirietako azienda, landa eremuko lanabesak, artisauak, herri kirolak eta bertako gastronomiari lotutako aukera anitza egoten da. Lesakan ospatzen den feria hau, Nafarroako erregeengandik 1499an eskuratutako pribilegioa da. Azienda lehiaketa egiten da plazan, artisautza ikusi eta erosteko aukera egoten da, janaria, arropa, bertsolariak, musika, aizkolariak edo pilota partiduak egoten dira.

BEHI-AZIENDA PIRINAIKOAREN LEHIAKETA-ENKANTE NAZIONALA, ELIZONDO

Irailaren bukaeran ospatzen den feria ezaguna da hau. Elizondon egiten da, Baztanen, asteburu guztian zehar. Merkatu zelaia azienda pirenaikoaren erakusleku ederra bihurtzen da, horrez gain, bertako produktuak erosteko postuak, artisauak, taloak,… egoten dira.