Scroll Top

Kultur ondarea

KULTURA ONDAREA

Baztan-Bidasoak historian zehar, kultura eta ondare bilakaera aberatsa izan du. Mendi eta bailara artean nola bait isolatua egoteagatik, orain dela ehundaka urtetatik berdin mantentzen diren kultur adierazpenak ditugu eta aldi berean, gaur egungo sorkuntza eta kultura bizi eta berritzailearen eszenatoki dela ere erran dezakegu. Bi kontzeptuak ez dira kontrajarriak, antzinako ohiturak eta ikuspegi berritzaileak elkartzen eta osatzen du Baztan-Bidasoako aberastasuna, material eta immateriala.

LANDA INAUTERIAK ETA AINTZINAKO ERRITUAK
Gure bailarak Nafarroako landa inauterien ikur bihurtu dira, hauen bizirautea eta antzinako errituen mantentzea nabarmena da, normalean, jatorri paganoa dute hauek. Ospakizun nagusi hauek solstizio aldaketekin ematen dira, inauterien kasuan, neguaren bukaera irudikatu eta udaberriaren hasiera ospatzeko.

  • ZUBIETA ETA ITUREN: Joaldunak eta hartza ikusiko ditugu. Espiritu txarrak uxatu eta Amalurra ernatzeko ahaleginetan, bizkarrean eramaten dituzten joare haundien soinuarekin udaberria deitzen dute. Joareak soinu haundia egiten dute, taldean daudenean harmoniatsua ere badena, bailara guztian aditzen da eta zalantzarik gabe, momentu berezi bat sortzen da. Ospakizun hau, Nafar Gobernuak Interes Kulturaleko Ondare bezala izendatua dago.
  • ARIZKUN, Baztan: Arizkungo inauterietan Hartza ere ikusiko dugu, ardi larruz estalia joaten den hartz haundia da hau eta maskaraz tapatutako herritarrak dira bere zaindariak. Hartzak borrokatu egiten du, bere zaindariaren kateak hausteko eta lortzen duenean, aurrean jartzen zaizkion guztiak jotzen ditu, besta honek eta hartzak, neguaren bukaera irudikatzen dute.
  • LESAKA: Bortzierietan, Lesakan zakuzaharrak ikusteko aukera dago. Pertsonai hau belar idorrez betetako zakuak eramaten ditu eta aurpegia painulu txuri batez estaltzen du. Kalez kale joaten dira eskuetan maskuri haizatu bat eramanez eta jendearen atzetik segika ibiltzen dira hauek jotzeko. Zakuzaharren ondoan Mairuak ere ikusiko ditugu, koloretako arropa eta zintaz jauntzitako bizilagunak.
05-zubieta1

SORTZAILEEN ESKUALDEA

Baztan-Bidasoako herrietako kultura biziberritzen dutenak dira bertako sortzaile eta kultura zaleak. Antzinako tradizioen eraldaketan lan egiten dutenak nahiz ikuspegi garaikide batekin begiratzen diotenak munduari. Egun, gure bailaretan bizi-bizirik dago kultura eta sortzaileen lana; margolari ezagunak, eskultore garaikideak, musikariak, dantzariak, antzekigile edo argazkilariak. Herrietan, hainbat erakusteta, ikuskizun edo museo bisitatzeko aukera dago, hala nola, herrietako agendetan kultura ekimen ugari aurkitu ditzakegu urte gutian zehar.

  • SANTXOTENA PARKE-MUSEOA (Arizkungo Bozate auzoan, Baztan): Leku honetan, euskal mitologia biziberritu egiten da zuraren bitartez. Xabier Santxotena eskultorearen lana nagusiki euskal mitologiari, bertako pertsonaiei eta Agoteei lotuta dago. Bilduman ageri diren irudi aunitz lamiak dira; hau da, arrain gorputza duten emakumeak. Halaber, mikeldiak ageri dira, hots, pertsonaia totemikoak.
  • ARTEAREN IBILBIDEA (Baztango herri ezberdinetan): Ekainean hasi eta irailera bitarte burutzen da Baztango herri, denda, karrika eta kulturguneetan. Ekimen honek artista batzuen lanak ezagutzera eman eta, oro har, artea karriketara ateratzea du helburu. Egun, artearen erakusleiho interesgarri bihurtu da eta Baztango nahiz kanpoko jende ugari hurbiltzen da erakusketak ikustera.

Gure eskuadera inspirazio bila etorritako sortzaileak ere baditugu; Ez Dok Amairu kultura mugimendu garaikideko kideak Lesakako Agiñara etorri eta bertan sortu zen “Gure bazterrak” kantu ezaguna, leku berean ikusiko dugu Oteizak Aita Donostiari eskainitako eskultura ederra eta bertan daude Mikel Laboaren errautsak ere. Baztan ezaguna da hau margotzera etorritako margolariengatik ere, Javier Ciga adibidez. Gure lurrak, liburuetako eta zinemako eszenatoki ere bilakatu dira aunitzetan (Zaindari Ikustezinaren trilogia, Baztan filma, El Cantor de México, Orson Welles-en Campanadas a medianoche, La fuga de Segovia, Vacas, Soinujolearen semea, Loreak,…).

01-Arizkun_Museo-Santxotena_4419_Sanguinetti

ARKITEKTURA ONDAREA ETA ETXEAREN GARRANTZIA

Eskualdeko arkitektura-ondareak interes handia dauka historiaren, artearen eta etnografiaren ikuspegitik. Bailara bakoitzak bere berezitasun txikiak baditu ere, Erdi Aroko dorretxeak (Kultura Ondasun izendapena dute) ikusiko ditugu han eta hemen, baserriak, herri-arkitektura, errotak, jauregi barrokoak, sagardoa egiteko dolareak, industria ondarea,…

Etxe edo jauregi gehienak euskal baserriaren eskemaren arabera eraikiak dira. Baserri baten barruan, etxebizitza nagusia, labea, behealdean animalien estalpea, janaria gordetzeko goiko ganbara izaten dira; eguneroko zereginetarako behar ziren eranskin guztiak osatzen zuten edo dute baserria. Etxe nahiz baserri bakoitzak berezko izena izaten du, honek argi adierazten du gure kulturan etxe edo baserriak duen garrantzi handia dela, aunitzetan, pertsonaren abizenak baina gehiago.

  • ZUBIETAKO ERROTA EKOMUSEOA: errota ederra da, arto-irina egiteko erabili izan dena azken 200 urte baina gehiagotan. Errotazainak, eskuak eta lehenagoko tresnak erabiltzen ditu artoa ehotzeko eta bisita gidatu baten bidez erakusten du prozesu guztia. Erakusketa etnografiko bat ere badago, zurezko artisautzari eta usadiozko nekazaritza lanei lotutako tresnak ikusteko, baita Ituren eta Zubietako inauterien berri ematen duen bideo proiekzio bat ere.
  • AMAIURKO ERROTA: herriaren sarreran kokatuta, etxe txiki eta polit batean dago errota. Nahi izanez gero, taldeek errota eta bere funtzionamendua ezagutzeko aukera dute bisita gidatu baten bitartez. Horrez gainera, hango talo gozoak ere dastatzen ahal dira, taloak egiten dituzten leku berean ikusten da nola egiten den irina.
08-zubieta

EUSKARA

Baztan-Bidasoako herrietako hizkuntza nagusia euskara da, egun bizia dagoen hizkuntza, daukagun ondare baliotsuena da. Jatorria oraindik ezezaguna baldin bada ere, Europako hizkuntzarik zaharrenetarikoa da, indoeuroparraren aitzinekoa baita. Gaur egun, hizkuntza isolatua da, izan ere, bere jatorria ez da indoeuroparra Europako beste hizkuntza gehienak bezala. Ikerketa ezberdinek jakitera eman bezala, euskara milaka urtez hitz egin da Pirinioen inguruan. Historian zehar bizirauteko zailtasun eta oztopoak jarri bazaizkio ere, gaur egun bizirik dagoen hizkuntza da. Batez ere, ahoz aho eta kulturaren bitartez zabaldu izan den ondarea da, kantuaren, antzerkiaren edo literaturaren bitartez adibidez.

Ezin dira aipatu gabe utzi bertsolariak, herrietako bestetan eta bestelako ekimenetan ikusiko ditugunak. Bertsolaria, euskaraz bertsoak inprobisatzen dituen sortzailea da. Aldi berean dira abeslari eta bat-bateko olerkari. Bakarkako lanak egiten badituzte ere, askotan bikoteka ere aritzen dira, bertsoak txandaka abestuz.

Euskara gida-hiztegi txikia deskargatu

MEGALITOAK ETA MITOLOGIA

Eskualde guztian zehar aurkituko ditugu megalitoak, aspaldidanik gure lurretan bizi zirenaren testiguak dira. Baztan-Bidasoan dauden megalitoak 5.000-2.000 urte inguru dituzte eta mendi lepo eta gainetan ikusi daitezke; trikuharriak, tumuluak, zutarri edo menhirrak, harrespilak,… leku berezi hauekin lotuta edo bailaretako hainbat txokoetan, badira hamaika kondaira eta herri sinesmen, adibidez, Jentilak (izaki erraldoiak) botatzen zituzten harri handiak direla harrespil edo zutarriak.

Basajaun adibidez, basoko jauna da, gizon handi eta izugarri baten itxura du. Basajaun da ekaitza etortzen denean artaldea babesten duen pertsonaia, artzaiei artaldea babesteko abixatzen die eta ez dio otsoari hurbiltzen uzten. Lamiak emakumeen itxura dute gorputzaren erditik gora eta arrain tankera edo ahate hankak gerritik behera. Lamiak erreka eta putzuetan bizi ohi da (Xorroxinen edo Bertizen adibidez, Oieregiko etxe guztietako armarrietan ikusiko dugu lamia). Sorginak ere ezagunak dira gure eskualdean, hainbat kondaira eta ipuinen protagonista dira, baina ipuinez haratago, inkisizio garaian, Baztan-Bidasoan ehunka herritar, emakumeak batez ere, sorginkeriagatik akusatuak izan ziren. Sorgin-ehizaren aitzakiapean, inkisizioak eskualdeko hainbat emakume bizilagun epaitu eta bizirik erre zituzten su handietan.

HERRI KIROLAK ETA LAXOA, GURE PILOTA MODALITATEA

Egun kirol mota ezberdinak ikusiko ditugu Baztan-Bidasoan baina badira, berezkoak diren batzuk, adibidez, laxoa, euskal pilotaren modalitate zaharrenetakoa eta egun Baztan eta Malerrekan bakarrik mantentzen dena. Antzinako artzainek laxoa partidak larre zabaletan jokatzen zituzten, egun, 50-70 metro luze duen zelai mugatu batetan jokatzen da eta pilotariak eskularruak erabiltzen dituzte, urtero antolatzen da Laxoa txapelketa gure eskualdean. Bertzalde, herri guztietan ikusiko ditugu frontoiak eta herritarrak pilotara jolasten, edo herri kirolak ere, normalean baserriko lanekin zerikusia duten ohiko jarduerak dira, kirol bihurtuak; aizkolariak, harri jasotzaileak, sokatira,…

09-KIROLA_LAXOA2