Scroll Top

Bidasoko Bide Berdea

Informazio orokorra

Gaur egungo Bidasoko Bide Berdeak, antzinako “Tren Txikito”-ren trenbidetik Baztan-Bidasoa eskualdea gurutzatzen du. Bidasoa ibaiaren bazterrean joaten zen trenbideak Elizondo eta Irun elkartzen zituen, bide hau, beti izan baita garrantzitsua Bidasoaldeko garapen eta kohesiorako.

Bidasoko Bide Berdea, Eurovelo europar sarearen barnean dago, 42KM eskaintzen ditu eta Behobiatik (Gipuzkoa) Oronoz-Mugairira ailegatzen ahal da gaur egun, Baztan bailararen atariraino hain zuzen ere. Zalantzarik gabe, aukera ederra ematen digu bizikletaz nahiz oinez eskualdea ezagutu eta naturaz gozatzeko, izan ere, profil ia laua duen bide erraz eta atsegina da. Bidean zehar, baserriak eta larre berdeak ikusiko ditugu, herri xarmantetatik pasako gara eta Bidasoa ibaiaren inguruan xoko ederrak aurkituko ditugu.

Egiaztatu Bide Berdearen egoera

Eurovelo eta ederbidea-ren barruan

Bidasoko Bide Berdearen ibilbidea, Bide Berdeen programaren barruan dago eta aldi berean, Europa osoko ibilbide sare handi baten parte ere bada; Eurovelo izeneko sarea. Hain zuzen ere, Euroveloaren 1. ibilbidearen zati bat da Bidasoko Bide Berdea, “Kostalde Atlantikoko Ibilbidea” deritzona, Norvegiako iparraldean hasi eta Portugaleko hegoaldean bukatzen den ibilbidea. Bide Berde hau, mugaz gaindiko Ederbidea proiektuaren parte ere bada, Bide Berdeetatik ibiliz, bizikletaz Iruña, Donostia eta Baiona elkartzen dituen proiektua da.

Historia

Bidasoko trenbidea 1898an sortu zen, meatzaritzako tren gisa; hasieran, Irun eta Endarlatsako meatzeak lotzen zituen hain zuzen ere. Tren Txikito esaten zitzaion bere trenbidearen zabalera txikiarengatik (0,92 m). 1916an Elizondoraino luzatu zen linea hori, bidaiari-tren bilakaturik eta horrenbestez, meatzaritzako merkantzia tren izatetik Irun eta Elizondo elkartzen zituen bidaiariei eta zonaldeko biztanleei zerbitzua ematen zien trena izatera pasatu zen. Bidasoa ibaia bidelagun zuela, ibaiaren ezkerraldetik joaten zen trena eta ibilbideak 51,5 km zituen. 1953an uholde handiak egon ziren Baztan-Bidasoan eta honek larriki hondatu zuen trenbidea, urte batzuek gehiago iraun zuen arren, Bidasoko trenak azken bidaia 1956ko abenduaren 31n egin zuen.

Ibilbidea

Ibilbidea lineala da eta gaur egun 42 km eskaintzen ditu. Oieregitik (Bertizarana) nahiz Behobian dagoen Pausu zubitik hasten ahal da, hau da, Estatu Frantsesaren mugatik eta Bidasoko Bide Berdearen Gipuzkoako zatitik.

Ibilbidean zehar lur mota ezberdinak topatuko ditugu; lur zapaldua, hormigoia, asfaltoa,… horrez gain, luzaera ezberdinetako 7 tunel pasako ditugu, tunel nagusienetan argia izaten da baina bakoitzak bere argia eramatea ere gomendatzen da. Legasa eta Sunbillaren arteko zatia, guztira 9,3 km, aulki gurpildunekin egiteko modukoa da.

Informazioa eta fitxa teknikoak: 

www.viasverdes.com

Nafarroa Ezagutu Sarea

Bidasoko Bide Berdea, Nafarroa Ezagutu sarearen barruan dago. Sarearen helburu nagusia naturagune eta gune berezien kudeatzaile guztien arteko topagunea sortu eta esperientziak trukatzea da. Era berean, Nafarroaren irudi inklusiboa sortu nahi da naturaguneen eta gune berezien inguruan. Horrekin batera, bisitariendako eskaintza eta zerbitzua hobetzeko sare bat eratzeaz gain, tokiko herritarrek gune horiek bereak dituztela indar handiagoz sentitzea ere bilatzen da. Azken finean, leku hauen garapen soziala, ekonomikoa eta ingurumenarena modu jasangarrian sustatzea du helburu.

Nafarroa Ezagutu Sarearen webgunea