Scroll Top

Igantzi

Informazio orokorra

Bailara: Bortziriak
Biztanleak: 606 (2016)
Azalera: 16,6 Km2

Bortzirietako herri txiki, lasai eta polita da Igantzi, bertako kaleetan ere, bailara guztiko adierazgarri den herri arkitektura zaindua ikusi daiteke. Igantzik Lesakarekin egiten du muga iparraldean, Etxalarrekin ekialdean eta Arantzarekin mendebaldean.
Igantzi nahiko berandu garatu zen udalerri moduan eta herriari buruzko historiako lehen aipamena 1461. urtekoa da. Herria, jaurerria zen hasieran eta erregeari zergak ordaintzeko beharra zuen. Horrela, 1494ean, Nafarroako azken errege izan zen Joan III.a Albretekoak, herriak alkatea eta almirantea izatea onartu zuen. 1719an, Felipe V.a Espainiakoak eta haren emaztea Isabel de Farnesiok Igantzin hartu zuten ostatu beraien soldaduekin batera. Gertakari haren oroigarri, inskripzioa jarri zen udaletxeko eraikinean.

Bestak

Herriko bestak: Irailaren 29an (San Migel eguna) eta ondoko egunetan ospatzen dira besta herrikoiak. Bertako dantzarien dantza emanaldia, kontzertuak eta bestelako ekimenez gozatu daiteke bestetan.

Inauteriak: Ofizialak baino asteburu bat lehenago izaten dira, ostiral eta larunbatean.

Bertze bestak

San Joan Xarrera erromeria: ekainaren 24an ospatzen da. Bortziri eta inguruetako herrietako bizilagunak hurbiltzen dira San Joan Xarrera egunean zehar. 12:00etan meza egiten da ermita-kobazuloan eta hurbiltzen diren askok hankak busti eta ura edaten dute hiru iturrietatik, ohiturak dioen bezala, bertako urak  botere sendagarriak baititu azaleko gaitzak sendatzeko.

Interes turistikoa duten lekuak

San Joan Xar Erreserba naturala

Natura eta errituak bat egiten duten lekua da hau. Hango zuhaitzek, kobazuloak, iturriek, eskailera zaharrek, eta bertatik pasatzen den Latsa errekak inguru zoragarria osatzen dute. Bertan xarma (Carpinus betulus) baso bat dago eta 1987. urtean Erreserba Naturala izaera hartu zuen espezie hau modu naturalean hazten den leku bakarrenetarikoa delako Iberiar penintsula osoan. Kobazuloan orain San Joan Bautistaren irudia badago ere, aitzinean inguruko biztanleak mitologiako hainbat pertsonaiari bertan eskaintzak egiten zizkietela erraten da.  Bertako iturriak hiru ur txorrota ditu eta bertako urak antzinatik botere sendagarria duela uste da, azaleko gaixotasunak sendatzen dituela sinesten dute askok eta erritua egitera hurbiltzen dira bertara.

Piedadeko baseliza

Talaia ezin hobean eta herri-gunetik 500 metrora, herriko puntu altuenetarikoa da hau. Bertara iristeko, Lesakara joateko errepidea hartu behar da. Bidean goazela herriaren ikuspegiaz gozatzeko aukera dago eta bertan baselizaren 1555. urteko fatxada bisitatzea merezi du, baita inguruan dauzkan izen bereko auzoa eta baserri ederrak ere.

Bidasoako Bide Berdea

Europako Bide Berdeen sarean kokaturik, Berrizaun auzoa zeharkatzen duen garai bateko tren bidea egokitu da. Gehienek bizikletaz egiten badute ere, bide aproposa da oinez ibiltzeko ere eta maldarik ez duenez, guztientzat da egokia. Ibilaldi osoan zehar inguruko zuhaitz artetik pasatzen zarelarik, Bidasoa ibaiaren ikuspegia galdu gabe paseatzeko aukera ederra da.

Zerbitzuak

Kokapena

Informazio gehiago

Igantziko Udala

www.igantzi.eus

Tel. 948 637 781

bulegoa@igantzi.org