Informazio orokorra
Bailara: Malerreka
Biztanleak: 203 (2017)
Azalera: 3,9 km2
Mendaur eta Askin mendien magalean kokatuta, Ezkurra ibaiaren ondoan dago herria. Elgorriaga herriaren izena elorri gorritik datorrela diote batzuk. Ekialde eta hegoaldean Donezteberekin egiten du muga, iparraldean Sunbilla eta mendebaldean aldiz Ituren du.
Zonaldeko herrietan bezala, lorez apaindutako etxe handiak topatuko ditugu kaleetan zehar. Elgorriaga batez ere bere bainuetxeagatik da ezaguna. Lehen bainuetxea XX. mendearen hasieran eraiki zen, ur sendagarriak gorenen ziren unean honek zituen propietateengatik. Bertan ur mineraletako iturburua dago eta Europako ur gazienak dira, 14º eta 16º C bitarteko tenperatura dutela azaleratzen dira. Egun, bainuetxe berri bat dago bertan. Bertatik Ezkurra ibaian gora joaten den Uraren Bidea (8km) pasatzen da, ibilaldi bat egin eta inguruko paisaiak ezagutzeko aukera ederra da.
Bestak
Herriko bestak: Uztailaren 25ean, Santiago Apostoluaren egunean ospatzen dira. Hiru-lau egun irauten dute eta zikiro egunarekin bukatzen da.
Inauteriak: Urtarrilaren hirugarren aste bukaeran ospatzen dira.
Bertze bestak
San Juan suak: Ekainaren 23 arratsean. San Juan suen aitzinetik, afari-merienda herrikoia izaten da, bakoitzak etxetik zerbait eramaten duelarik. Gero, frontoian, jan ondoren, suan salto egiten da.
Onddo eta Zizen Kofradiaren besta: Urriko lehen aste bukaeran izaten da.
Urte berri eguna: Urtarrilaren 1ean “Urte berri-berri” kantatuz etxetik etxera eskean joaten dira herritarrak eta urtatxak botatzen dira haurrak jaso ditzaten.