Informazio orokorra
Bailara: Malerreka
Biztanleak: 154 (2017)
Azalera: 23,8 Km2
Ezkurra Nafarroako Mendialdean, Basaburua Txikia deituriko inguruan aurkitzen da. Mendiz inguraturik ikusi dezakegun herri txikia da hau, iparraldean Goizuetarekin egiten du muga, ekialdean Eratsun du, Leitza mendebaldean eta Goi Basaburua hegoaldean. Herria, 525 metroko altueran kokatzen da.
Aspaldidanik bizi izan da jendea zonaldean, horren testigu dira Ezkurrako inguruetan aurki daitezken megalitoak. Ezkurraren lehen aipamenak, 1197. urtekoak dira eta mende askotan, Beintza-Labaien ibarreko herriburua izan zen. 1846. urtean aldiz, Nafarroako erreforma administratiboa burutzean, Ezkurra udalerri independente bihurtu zen. XIX. mendearen hasieran, herriak abeltzaintza eta nekazaritza oparoa zituen. Horrez gain, oihalak ekoizten zituen hiru lantegi txiki zeuden. Burdinolek ere garrantzi handia izan zuten herriaren garapenean.
Bestak
Herriko bestak: Abuztuak 15an eta ondoko egunetan ospatzen dira. Herriko bestetan ekimen ugariz gozatu daiteke; aizkora apustuak, pilota partiduak, herri bazkaria, musika eta dantzaldiak.
Inauteriak: Berriki berreskuratu dira Ezkurrako inauteriak,inauteri garaian ospatzen badira ere, ez dute data konkretu bat.
Interes turistikoa duten lekuak
Eliza
Ezkurrako Jasokundearen Elizaren estiloa, gotiko-errenazentista da. Elizako eraikinean sartuz “zimitterioa” deritzoten hilerri bat dago, duela 40 bat urte gorpuak atera eta gaur egungo hilerrira eraman zituzten. Herriaren lekurik altuenetariko batean kokaturik dago eta bere estruktura guztia egurrez egina dago.
Ezkurra eta urumea ibaien sorlekuak
Ezkurra ibaia Ezkurrako mendatearen ondoan jaiotzen da, Doneztebera ailegatu eta Bidasoa ibaiarekin elkartuz. Ezkurrako ibaiak zeharkatzen dituen lurrak Malerrekako bailara osatzen dute. Urumea ibaia ere Ezkurrako mendatean jaiotzen da eta Donostiako itsasoan itsasoratzen den arrorik euritsuena osatzen du.
Gaztelu etxea, hamarrendegia eta ezkurrako jauna
1513. urteko erreinuko soldata orrian agertzen da lehenengoz gaztelu honen berri Martin Sanz Ezkurrekoaren jabetzapean dagoelarik. Ezkurrako herriak eta Zegamako Francisko Ladronek izandako auzi batean azken honek bere burua “Ezkurrako herriko Jauntxo” bezala aurkeztu eta defendatzen du 1297.urteko sententzia bati erreferentzia eginez zeinetan Aznar Sanchez Ezkurrako bere arbasoa jotzen den “Ezkurrako herriaren jabetzat, bere mendi eta ondasun guztiekin”. Honekin guztiarekin Ezkurrako herritarrak beraien menpekoak zirela zioen familia honek, besteak beste herriko parrokoa izendatzeko boterea egotziz beren familiari, herriko alkatetzat joz beraien burua eta, honetan gain, hamarrenak kobratuz. Azken botere honek eman zion etxeari izena: “Hamarrendegia”.