Baztan-Bidasoako gastronomia eta produktuak, bertako lurrari eta historiari lotuta daude. Nekazaritza eta abeltzaintza oso garrantzitsua da eskualdean eta bertako ekoizleak, kalitate hoberenetako produktuak eskaintzen dituzte. Bailara edo herri bakoitzean badaude berezkoak diren platerak, baita eskualde guztian prestatu eta jaten direnak ere.
Ardi Gazta
Euskal Herriko herri askotan bezala, zonaldean ere ardi gazta da produktu ezagun eta preziatuenetariko bat. Ardiak ikusten dira gure paisaietan, eta bertako artzainak gazta ezin hobea egiten dute. Eskualdeko gaztandegi askotan bisita gidatuak egiten dituzte gazta egiteko prozesua ikusi eta jaki hau dastatu ahal izateko.
Taloak
Arto irinarekin egindako ogi zapala eta borobila da taloa, orea eskuz zabaldu ondoren, txapan egosten da eta ardi gaztarekin, xingarrarekin edo txistorrarekin jaten da normalean. Taloak dastatzeko, Baztan-Bidasoako feria nahiz herriko bestetan talo postuak ikustea oso ohikoa da, arto irina egiten duten errotetan ere jan daitezke (Amaiurko errotan adibidez) edo baita eskualdeko hainbat tabernetan ere.
Baztango haragia
Baztango belardietan hazitako behiek ematen duten haragia gastronomia munduan ezaguna da honek duen kalitateagatik. Baztango aretxearen txuletoiak adibidez, harategietan erosi edo jatetxe eta sagardotegietan dasta ditzakezu.
Mamia
Gatzatutako ardi-esnez egindako postrea da eta normalean, azukrez edo eztiz lagunduta jaten da. Baserri eta etxe askotan egiten den esnekia da baina inguruko jatetxe gehienetan dastatzeko aukera ere egoten da.
Onddoak
Eskualdea ezaguna da mendi eta basoetan biltzen diren onddoengatik eta hauekin prestatzen diren plater goxoengatik. Baratxuriarekin, arraultzarekin nahasita edo haragi on bat laguntzen dastatu ditzakegu. Jateko produktu gastronomiko preziatuenetariko bat da Boletus edulis edo onddoa, normalean, udazkenean dastatu daitezke inguruko jatetxeetan.
Kanutilloak
Pastel-kremaz beterik dauden hojaldrez eginiko hainbat kono karraskatxuk osatzen dute postre hau. Kukurutxo goxo horiek gainetik glas azukrea dutela mahairatzen dira, batzuetan izozki bola batekin ere bai. Doneztebe sarreran zegoen Joxepa Jatetxeko kanutilloak oso famatuak egin ziren eta jendea bereziki postre hau jatera etortzen zen.
Txistorra
Nafarroako produktu ezagunetariko bat da zalantzarik gabe, txerri haragi xehatu freskoarekin egiten da. Talo barruan, pintxo moduan nahiz ogitartekotan ikusiko dugu.
Hurrakin egina
Baztan ezaguna da bertan saltzen den txokolatearengatik. Hur edo almendrak dituen txokolate tableta handi bat izaten da, pusketan eta pisuaren arabera erosten dena hainbat gozotegietan.
Sagardoa
Aspalditik egin izan da sagardoa gure lurretan, horren adibidea da sagardoa egiteko erabiltzen zen Gamioxarreko dolare barrokoa (Arizkun, Baztan). Sagar zukua fermentatuz egiten da eta 8 gradu inguru dituen edari alkoholduna da, lagungarri paregabea da bertako haragi edo taloekin jateko. Bertako sagardoa dastatu nahi izanez gero, eskualdean sagardoa egiten duten bizpairu sagardotegi daude.
Usoa
Uso pasa gure eskualdean udazkenean izaten da, Etxalarko Usategiak oso ezagunak dira horregatik. Ehiztariak usoak ehiztatzen dituzte garai honetan eta eskualdeko jatetxe aunitzetan plater hau dastatzeko aukera egoten da. Usoa modu ezberdinetan prestatu daiteke, sagarraz lagunduta, gaztaina edo onddoekin ere bai, ahaztu gabe Nafarroan bereziki erabiltzen den osagai berezia, txokolatea.
Xamin-goxo
Batez ere Lesakan prestatzen den postrea da hau. Jogurta, esne kondentsatua eta limoi zukua nahasita egiten da eta hortik dator bere izena, aldi berean limoiaren zamintasuna eta esne kondentsatuaren gozoa nahasten dituelako.
Zuri eta beltz
Baztan-Bidasoan prestatzen den antzinako platera da hau, bildotsaren hainbat zati edo osagarri erabiltzen dira, baita tomatea ere. Zuria, odolki antzeko bat da, baina odolarekin egin beharrean, arraultzearekin eta bildots tripakiekin beteta dago. Beltza aldiz, bildotsaren odol egosia da. Guztia, tomate saltsaz lagunduta joaten da. Eskualdeko hainbat jatetxetan dastatzeko aukera egoten da.
Baztan zopa
Zopa bereziak dira, sardexkaz jaten dira eta. Ardi-salda egiten da lehenengo eta ondoren, ogi xerrak lodiak bertan bustitzen dira, ogia saldan biguntzeko. Baztan, Bertizarana eta Malerreka inguruan, ohitura da herriko besten bezperetan Baztan Zopak jatea.