Baztan-Bidasoko paisaia eta herriak ezagutzeko aukerarik ederrenetarikoa da mendi eta herri ibilbideetan zehar ibiltzea da. Horretarako, ibilbideen aukera zabala eskaintzen du eskualdeak. Mota guztietako ibilbideak aurkituko ditugu; errazak eta motzak nahiz mendi ibilbide luzeak inguruko mendi gainetatik Baztan-Bidasoko paisaia ederrez gozatzeko. Behean adierazitakoak, mantenimendu eta seinalizazio aldatik, hoberen mantentzen direnak dira baina ez dira eskualdean dauden ibilbide bakarrak, herri batzuek ibilbibide gehiago eskaintzen dituzte.
*OHARRAK ETA KODEAK:
Ibilbideen zailtasun maila
Ibilbide erraza Ibilbide ertaina Ibilbide zaila
Oroitu mendian ibiltzeko material eta janzkera egokia eraman behar dela, segurtasun neurriak hartzea, norberaren ardura da. Eguraldi txarrarekin ibilbide batzuek arrisku handia izaten dute, begiratu iragarpena.
Errespetatu ingurumena eta gozatu naturaz. Ez bota zaborrik eta errespetuz jokatu bertako animalia eta biztanleekin. Oroitu zakurrak lotuta eraman behar direla.
Larrialdietarako, deitu 112 zenbakira.
BERA – ZIA ERREKA (SL-NA 3)
Herrigunetik (Iamoteneako aparkalekutik) irteten den ibilbide zirkular honek,
Illekueta, Zia, Dornaku eta Suspela auzoetan barnako ibilaldi erraza eta atsegina eskaintzen digu. Bertako landa inguruan murgilduko gara, hainbat paraje ikusiz: Larhun, Aiako Harria, Labiaga… Informazio panelak baditu eta seinaleztatuta dago (SL marka xuri-berdeak), baserri bidea denez, tarteka autoak pasatzen dira.
DISTANTZIA: 6 KM
DESNIBELA: 212 metro
IRAUPENA: 2 ordu
ETXALAR – SANTA KRUTZ ERMITA (SL-NA)
Herriko plazatik abiatzen den ibilbide zirkular honek, Etxalarreko herrigune ederra eta inguruan duen arkitektura, historia eta natura ondare aberatsa ezagutzeko aukera ematen du; Goiko errota, Argaratako zubia, Santa Krutz ermita eta zubia, beheko errota eta gurutze bidea.
Ibilbide erraza eta motza denez, familiarekin egiteko egokia da.
DISTANTZIA: 4,35 KM
DESNIBELA: 50 metro
IRAUPENA: 1 ordu eta 30 minutu
ETXALAR – USATEGIETA (SL-NA 2)
Ibilbide honek, Erdi Arotik dokumentatua dagoen uso ehiza sistema honen funtzionamendua ezagutzeko aukera ematen du. Honez gain, Lapurdi, Etxalar eta Baztan aldeko ikuspegi ederrak eskaintzen ditu bide honek. Ibilbide erraza eta zirkularra da, hasiera eta bukaera Lizaietako gainean du.
OHARRA: Urrian eta azaroan , uso pasearen garaian, lepoz lepoko bidea itxita egoten da ehiza-tokia zeharkatzen baitu.
DISTANTZIA: 5,30 KM
DESNIBELA: 125 metro
IRAUPENA: 2 ordu
IGANTZI – SAN JUAN XAR (SL-NA 1)
Ibilbide lineala da Igantziko herrigunetik abiatzen dena, Elizako atarian ikusiko ditugu seinaleak. San Juan Xarren, modu naturalean jaiotzen eta hazten da pagolizarra (Carpinus Betulus); Iberiar Penintsulan bakarra da eta espezie honen berezitasunarengatik, Naturgune Babestua da. Herri-sinismenen arabera, hango iturriko urek sendatzeko ahalmena dute. Hango sinismen paganoaren erakusgarri da artzain bat irudikatzen duen eskultura erraldoia.
DISTANTZIA: 4,15 KM
DESNIBELA: 175 metro
IRAUPENA: 1 ordu 30 minutu
ARANTZA – SAN JUAN XAR (SL-NA 1)
Ibilbide zirkular eder bat eginez, Arantzatik ere joaten ahal da San Juan Xarreko Naturgune Babestura (Igantzin). Zati handi batetan Arrata errekaren bazterretik joaten da ibilbidea eta Aranibar etxea ikusteko aukera dago. Ibilbidea Arantza sarreran dagoen aparkaletutik hasten da.
DISTANTZIA: 5,70 KM
DESNIBELA: 150 metro
IRAUPENA: 2 ordu
ARANTZA – IZU-ARTIKUTZA (PR-NA 10)
Ibilbide zirkurkular honek auzoetan barrena dauden baserriak eta nekazarien bizimodua ezagutzeko aukera ematen digu. Ikuspegi ederrak eskaintzen dizkigu ibilbide honek. Zailtasun ertaineko ibilbidea da, eta Arantzako elizaren ondoko galtzada jautsita hasiko dugu ibilbidea.
DISTANTZIA: 14,52 KM
DESNIBELA: 700 metro
IRAUPENA: 4 ordu 30 minutu
ZUBIETA – AMEZTIKO ITZULIA
Ibilbide zirkularra eta erreza da hau, familian egiteko egokia. Herriko plazan hasten da eta Ameztiko auzoko zenbait baserri eta borda ikusteko aukera ematen du, marka txuri-laranjak jarraitu behar dira.
DISTANTZIA: 5 KM
DESNIBELA: 250 metro
IRAUPENA: 2 ordu
ZUBIETA – MENDRASAKO ITZULIA
Herriko zubian du hasiera zirkularra den ibilbide honek. Zubia zeharkatu, garbilekua ikusi eta errotako ateraino joan behar da (Zubietako Errota-ekomuseoa) bertatik Mendrasa auzora igotzen den pista hartzeko. Ibilbide erraz honek ere, baserriak, bordak eta baso ederrak ikusteko aukera ematen digu, marka txuri-urdinak jarraitu behar dira.
DISTANTZIA: 6,38 KM
DESNIBELA: 308 metro
IRAUPENA: 2 ordu 30 minutu
ZUBIETA – AURKIDIKO ITZULIA
Ibilbide zirkular hau, herri sarrerako garbilekuan hasi eta errotarako bidea hartzen du. 1736. urtean eraikitako errota ederra da Zubietakoa, gaur egun ekomuseoa dena eta bisitatzeko aukera ematen duena. Karretera hartu, eta segituan ezkerrera Aurkidiko auzora doan porlanezko pista hartu beharko da, betiere marka txuri-moreak jarraituz. Zailtasun ertaina duen bide honetan, pagadi eta harizti ederrak ikusiko ditugu, honez gain, Ekaitza, Mendaur eta Makilipurdi mendiak ikusteko aukera ere ematen du.
DISTANTZIA: 9,80 KM
DESNIBELA: 630 metro
IRAUPENA: 3 ordu 30 minutu
Zubietako Udalaren Wikiloc kontua ibilbideen informazio gehiagorekin.
EZKURRA – ERAKURRI (EZKURRAKO MENDI ITZULIA)
Plazatik abiatzen den ibilbide zirkularra da hau, Ezkurra errekaren iturburua ikusteko aukera ematen duena. Bidean zehar, hainbat megalito ikusteko ere aukera badago; Maloko trikuharriak, Ezkaingo harrespilak edo Iruñarri izeneko zutarria. Ibilbide guztia egin nahi ez bada, joan-etorrikoa ere egin daiteke (2,1 KM).
DISTANTZIA: 14,85 KM
DESNIBELA: 900 metro
IRAUPENA: 4 ordu 30 minutu
ELGORRIAGA – ONDDOEN BIDEA
Mikologia eta baso lanen inguruko informazio panelak daude ibilbidean zehar, interpretazio-ibilbidea da beraz. Bide polita eta zirkularra da, Mendaur mendiaren magaletan joaten da eta kisulabe eta dolmenak ere ikusteko aukera ematen du. Herriguneko haur-parketik hasten da ibilbidea eta marka txuri-urdinak jarraitu behar dira, desnibel haundiko malda pare bat aurkituko ditugu (hasiera eta bukaeran).
DISTANTZIA: 5,30 KM
DESNIBELA: 200 metro
IRAUPENA: 2 ordu
DONEZTEBE – DONAMARIA – IBARGOIORA (PR-NA 100)
Ibilbide polita da Doneztebe eta Donamariako herriak elkartzen dituena. Herri batetik zein bestetik hasi daiteke, marka txuri-horiz seinaleztatutako ibilbide zirkularra da. Doneztebeko herrigune eta arkitektura ezagutzeko aukera ematen du, baita Malerrekako landa paisaia eta XV. mendean eraikitako Donamariako Jauregia dorretxea eta herrigune ederra ere.
DISTANTZIA: 10,40 KM
DESNIBELA: 225 metro
IRAUPENA: 3 ordu
Bertizaranako hiru herriak (Legasa, Oieregi eta Narbarte) ezagutzeko ibilbide zirkularra da hau. Maldarik gabeko trazaketa erraza du eta herrigune eta baserrietatik pasatzen da. Erreparazeako jauregi eta zubi ederra ikusiko dugu bidean eta bertatik, Bertizko Jaurerria Natur Parkera sartzeko aukera ere badago.
DISTANTZIA: 6,13 KM
DESNIBELA: 50 metro
IRAUPENA: 2 ordu
BERTIZKO JAURERRIA NATUR PARKEA
Bertizeko oihanak 2052 hektareako zabalera hartzen du, erreka txikiek ere zeharkatzen dituzte hariztiak eta batez ere, pagadi zahar eta ederrak, gaur egun Nafarroako eta Europako ikusgarrienetako bat. Mendi ibilbide aukera anitza eskaintzen du Natur Parkeak, sarrerako aparkalekutik hasita guztiak, luzeak, motzak, aldapatsuak edo lauak,… denetara zazpi ibilbide daude seinaleztatuta. Sarreran dagoen etxolan ibilbide hauen mapa-gida eskuratzeko aukera dago (hemen behean ere deskargatu dezakezu mapa).
ERRATZU – XORROXIN UR-JAUZIA (SL-NA 12)
Hasieran Baztan ibaia eta gero Bidasoa izena hartuko duenaren iturburuetariko bat da Xorroxingo ur-jauzia. Baztango Erratzu herrian kokatuta, lamien inguruko ainbat kondairaren eszenatokia da arbol eta iratze artean gordetzen den leku berezi hau. Erratzuko herriaren sarreran utzi behar da kotxea, eta bertan topatuko ditugu ongi seinaleztatuta dagoen ibilbide xarmangarri honen egurrezko seinaleak eta informazio panelak. Baztango ibilbide ezagunetarikoa da gaur egun.
DISTANTZIA: 7 KM
DESNIBELA: 147 metro
IRAUPENA: 2 ordu
ELIZONDO – ELIZONDOA (SL-NA 11)
Ibilbide zirkularra da, Elizondoko Foruen Plazatik abiatu gaitezte marka txuri-berdeak jarraituz. Elizondo, Irurita eta Gartzain herrietako arkitektura ederra eta inguruko landak ezagutzeko aukera ematen du. Ibilbide erraza bezain polita da.
DISTANTZIA: 8,83 KM
DESNIBELA: 109 metro
IRAUPENA: 2 ordu
IRURITA – IRURITAKO HERRIA
Ibilbide zirkular honekin Iruritako arkitektura eta aberastasun etnografikoa ezagutzeko aukera izanen dugu. Marka naranjak jarraitu behar dira herriko plazatik abiatuz. Elizondoa ibilbidearekin ere bat egin dezakegu.
DISTANTZIA: 3,50 KM
DESNIBELA: 34 metro
IRAUPENA: ordu 1
LEKAROZ – INFERNUKO ERROTA (SL-NA 13)
Ibilbide lineala da, joan-etorrikoa. Lekarozeko Orabidea auzoan dago errota, beraz bertatik du hasiera ibilbideak, 15. kilometroan dago informazio panela eta marka txuri-berdeak jarraitu behar dira. Infernuko errekaren gainean, ia zintzilik dagoen errota da hau, Baztan eta Etxalarko lurren artean banatzen da. Espainiako gerra zibil garaian, inguruan lanean jarraitu zuen errota bakarra izan zen, hori bai, modu klandestinoan. Gaur egun, txoko berezi eta xarmangarria da.
DISTANTZIA: 5,10 KM
DESNIBELA: 125 metro
IRAUPENA: 2 ordu
OTSONDOKO BUNKERRAK
Ibilbide zirkular honek Otsondoko bunkerrak ikusteko aukera eskaintzen digu. Otsondo gaineko aparkalekutik hasiko gara ibilbidea marka naranjak jarraituz. Gerra Zibila bukatu ondoren, Frankok 6.000 bunker inguru eraiki zituen Pirinioetan (Línea P deiturikoa). Gaur egun, Otsondoko bunkerren ibilbideak Lapurdiko kostaldea ikusteko aukera ederra ematen digu.
DISTANTZIA: 1,51 KM
DESNIBELA: 65 metro
IRAUPENA: ordu 1
ARIZKUN – BAZTANGOIZA (PR-NA 4)
Ibilbide zirkular honek zati batzuetan Baztango Done Jakue ibilbidearen trazadua jarraitzen du. Arizkuneko plazatik hasi gaitezke ibilbidea, baina baita Amaiurko nahiz Azpilkuetako elizetatik ere. Marka txuri-horiak jarraituko ditugu. Bide erraza eta ederra da, Baztango eremu eta herri ederrenetakoak ezagutzeko aukera ematen digu.
DISTANTZIA: 13,43 KM
DESNIBELA: 355 metro
IRAUPENA: 3,5 ordu
BELATEKO GAINA – BELATEKO ITZULIA
Ibilbide zirkular honek Belateko gainean dauden paisaia ederrak ikusteko aukera ematen du. Natura 2000 sarean dauden zohikaztegi eta larreetatik pasatuko gara, horretarako marka naranjak jarraituko ditugu. Megalitoak, Done Jakue bidea, komentua, kaltzadak,… Belate eremu estrategikoa izan da historian zehar. Ibilbidearen zati batetan GR-12 Euskal Herriko Bidearekin bat egiten du.
DISTANTZIA: 6,15 KM
DESNIBELA: 235 metro
IRAUPENA: 2 ordu
ELBETE – AUTRINGO ELUR-ZULOA
Autringo elur-zulo ederra ezagutzeko aukera ematen duen ibilbide semi-zirkularra da hau. Marka zuri-gorri eta naranjak jarraituko ditugu horretarako, Elbeteko plazatik abiatuta. Bidean Baztango paisaiaz gozatuko dugu, Jarolako jauregia, Elbeteko herria, landak, Irlintziko harriak eta Autringo lepoak eskaintzen dizkigun Baztango bista zoragarriak.
DISTANTZIA: 7,74 KM
DESNIBELA: 388 metro
IRAUPENA: 2 ordu
ZIGA – BASABURUA
Baztan zeharkatzen duen Done Jakue bide ederra jarraituz eginen dugun ibilbide lineala da hau, horretarako, Done Jakue bideko gezi horiak jarraitu behar ditugu. Zigako plazatik hasi eta Aniz, Berroeta eta Almandozko herriak ezagutzeko aukera ematen du ibilbide honek. Bidean, herri ederrak, jauregiak, baserriak, elizak eta baselizak ikusiko ditugu.
DISTANTZIA: 11,87 KM
DESNIBELA: 317 metro
IRAUPENA: 2,5 ordu
ARITZAKUN
Baztango txoko ezkutu eta ezezagunetariko bat da Aritzakungo zonaldea. Gorramendi mendiaren oinetan kokatuta, ibilbide semi-zirkular honek, Baztan ezezagunera hurbilduko gaitu. Horretarako marka zuri-horiak jarraitu behar ditugu, Itzulegiko lepotik hasita, aspaldian Amerikako Estatu Batuetako base militarra zegoen eremutik hain zuzen ere. Errotak eta kisulabeak ikusiko ditugu bidean, baita urre minak ere.
DISTANTZIA: 10,73 KM
DESNIBELA: 410 metro
IRAUPENA: 2,5 ordu
ARRAIOZ – LEKAROZ
Ibilbide semi-zirkular honek Arraioz eta Lekarozko herriak elkartzen ditu ibilbide erraz batekin. Arraiozko garbitokitik hasi dezakegu ibilbidea, marka naranjak jarraituko ditugu. Arraiozko jauregi eder eta deigarriak, baserri ederrak eta erreka eta paisaia berde zoragarriak ikusteko aukera ematen du ibilbideak. Oharriz auzotik ere pasako gara, komentu haudia ikusiz, Baztan ibaiaren bazterretan.
DISTANTZIA: 6,67 KM
DESNIBELA: 116 metro
IRAUPENA: 1,5 ordu
ORONOZ – ZOZAIA
Ibilbide lineala da hau, Oronozko Zozaia auzoa, marka naranjak jarraitu beharko ditugu. Ibilbidea Zozaia auzoko Jauregia dorretxe ederraren ateetan hasiko dugu, Baztango dorretxe zaharrenetako bat da hau. Inguruko landa eremuak ikusteko ibilbide apropos eta erraza da hau.
DISTANTZIA: 8,13 KM
DESNIBELA: 241 metro
IRAUPENA: 2 ordu