Scroll Top

Ituren

Informazio orokorra

Bailara: Malerreka
Biztanleak: 519 (2017)
Azalera: 15,4 Km²

Ipar-mendebaldeko Nafarroa Hezean dago kokatua Ituren, Malerrekan. Lekunberri-Doneztebe NA-170 eskualdeko errepidea pasatzen da herritik. Hiru populazio-gune ditu: Ituren, non baitira Udaletxea eta zerbitzu garrantzitsuenak eta Aurtitz eta Latsaga auzoak. Ameztia mendian ere badu baserri mordoxka bat han eta hemen, herritik hiru kilometrotara.
Aspaldidanik bizi izan da jendea zonaldean, hainbat monumentu megalitiko horren testigu direlarik, horien artean Brontze Aroko “Baikuntzako etxola” trikuharria (K. a. II. milurtekoa, ziur aski). 1280ko idatzietan Ituneneko biztanleei buruzko aipamenak daude eta dirudienez, 1536an Aurtitz, Latsaga eta Igeribar Itureni lotu zitzaizkion alkate bakarraren agintaritzapean. 1782an berreraikia izan zen errotako armarrian “Valle de Ituren” irakurri daiteke. Batasuna egin ondoren, 1600 aldera, Iturenek hiribildu titulua eskuratu zuen. Kontzejuaren bilkurak edo batzarreak elizan egiten ziren XVIII. mendearen erdialderarte, garai horretan egin zen udaletxea eta hortik aurrera, bertan egiten zituzten bilkurak.

Bestak

Herriko bestak: Ez dira egun jakinean ospatzen. Gutxi gorabehera uztailaren bigarren astean izaten dira. Ostiralean (bezpera) hasi eta hurrengo astelehenean bukatzen dira.

Inauteriak: Urtarrileko azken igandea erreferentzia hartuta, hurrengo astelehen eta asteartean ospatzen dira, Zubietako inauteriekin batera. Nafarroako Turismo Intereseko Festa izendatua izan zen 2011an. Eguerdi aldean, bi herrietako joaldunak beraien desfilean hasten dira, astelehenean Iturenen eta asteartean Zubietan elkartzen dira guztiak. Joaldunak gerrian lotuta daramaten joareek sortutako soinuak, neguaren ondoren lurra eta natura berriro ernatu nahi du udaberrian uzta eman dezan.

Bertze bestak

Trinitate eguna: Maiatzaren bukaeran edo ekainaren hasieran ospatzen da eta zonaldeko herritarrak Mendaur gainera igotzen dira, bertan baitago Trinitatearen ermita.

Joaldunen eguna: Irailaren erdialdera ospatzen da.

Aurtitzeko San Martin bestak: Azaroaren 11an izaten dira.

Kultur Astea: Abenduaren lehenengo asteburuan burutzen da, Ibintza taldeak antolatua.

Interes turistikoa duten lekuak

Tourseko San Martin eliza

XVI. mendean eraiki zen eliza eta XVIII. mendean eraikinaren zati bat zaharberritu zuten. Hiru auzoen arteko muino batean dago. Bertako erretaula nagusia XVII. mende hasierakoa da eta honek hasieran zuen polikromia mantentzen du.

Jauregia

Behe Erdi Arotik dugu Iturengo jauregiaren berri. 1712an Juan Bautista Cortajarenak jauregia eta horren ondasunak erosi zituen. Eraikina bota eta orain dagoena altxa zuen 1715erako. Beheitiko solairua eta beste hiru ditu, fatxada eta bi harlanduzko alde. Armarri barrokoa du aurrealdean, ate nagusiarekin batera. Armen liburuaren arabera, jauretxe horretako armarria honelakoa zen: “urrezko eremuan bi faxa urdin”. Erresumako zerrenda ofizialean dauden leinu-etxeetako bat da.

Erdi-aroko zubiak

Iturenek bi erdi-aroko zubi eder ditu, biak Ezkurra ibaia zeharkatzeko eginak. Puntu erdiko arkua nabarmentzen da, Marizeneko zubia herrian bertan ikusi dezakegu, bertzea aldiz Latsaga eta Aurtitz artean.

Zerbitzuak

Kokapena

Informazio gehiago

Iturengo Udala

www.ituren.eus

Tel.: 948 451 803

udala@ituren.eus