Scroll Top

Sunbilla

Informazio orokorra

Bailara: Malerreka
Biztanleak: 819 (2017)
Azalera: 10,33 km2

Mendaur mendiaren magalean eta Bidasoa ibaiak zeharkatua, erdi aroko zubi ederra eta etxe zainduak ditu Sunbillak. Doneztebetik iparraldera 3km-tara dago herria eta Bidasoako Bide Berdea herrigunetik pasatzen da. Iparraldean Igantzi eta Etxalarrekin egiten du muga, hegoaldean Ituren, Doneztebe, Elgorriaga eta Bertizarana ditu, mendebaldean aldiz Arantza eta Ituren.
Sunbillako herrigunea Bidasoa ibaiaren bi aldetan zabaltzen da eta bi alde hauek antzinako zubi eder batek elkartzen ditu. Zubia eta herria bera, leku estrategikoak ziren Nafarroarentzat, izan ere, Gipuzkoa eta Frantzia aldera pasatzeko bide errealean zegoen kokatuta, Arantza, Igantzi eta Lesakako herriekin batera. Bertatik ibiltari eta soldadu ugari pasatzen zen India eta bertzelako herrietara armak eramaten zituzten kostaldean zeuden hornitzaileengana iristeko.

Bestak

Herriko bestak: San Tiburtzioetan ospatzen dira, abuztuaren 11an eta bost egun irauten dute. Herriko dantzariak, musika, su artifizialak, herri kirolak, pilota partiduak, Ramon Latasa aizkora txapelketa eta hainbat ekimenez osatzen da programa.

Inauteriak: Urtarrileko azken ostiral, larunbata eta igandean ospatzen da. Eskean ibiltzen dira lehen egunetan, igande goizean aldiz, mozorro eta karrozen desfilea egiten da kaleetatik.

Bertze bestak

Artzain eguna: maiatzak 1ean ospatzen da urtez urte. Ameriakako Estatu Batuetan artzain lanetan ibilitako herritarrak elkartzen diren eguna da.

Mendaurko Trinitatearen eguna: Corpus Christiaren aurreko igandea eta Pentekostes egunaren ondoko igandean ospatzen da. Inguruko bizilagunak Mendaurreko kaskora eta bertan dagoen Trinitate ermitara igotzen dira oinez.

Asteburu Kulturala: Martxoko azken asteburua. Bertan lehiaketa gastronomikoa, herri bazkaria, mus txapelketa, puzgarriak, herri kirolak, artisau feria eta gazta lehiaketa izaten da bertzeak bertze.

Interes turistikoa duten lekuak

Zubia

1562. urtean eraiki zen harrizko zubia, aurretik zegoen egurrezko zubia ordezkatzeko hain zuzen ere. Kontseilu errealak 1551. urterako agindu zuen zubiaren eraikitzea, baina arrazoi ezberdinengatik 11 urtez atzeratu ziren eraikuntza lanak. Bidasoa-Berroaran mendien erabilera mankomunatuaren pribilegio erreala zuten lau herrien artean ordaindu zen, eta 800 dukado ordaindu ziren. 1625 eta 1643. urteetan Bidasoa errekak jasandako gorakadengatik zubiak bi hondamendi nabarmen pairatu zituen. Sunbillako harrizko zubia garrantzi estrategiko handikoa zela uste da, berritze lan hoiek Nafarroako merindade ezberdinen artean ordaindu baitziren bi aldi horietan. 1987. urtean guziz zaharberritua izan zen zubia eta gaur egun ere, herriko elementu arkitektoniko garrantzitsuena da.

Kale nagusia

Herria zeharkatzeko bide nagusian etxe ederrak ikusi ditzakegu. Udaletxea XIX. mendean eraikitako eraikinean dago kokatuta eta ondoan Sunbillako jauregia deitzen zaiona, honek, balkoiaren gainean XVIII armarri barrokoduna du.

Ramon Latasa plaza

2007. urtean Ramon Latasa izena daraman plaza eta monumentua eraiki ziren herrian aizkolari ospetsua omentzeko.

Garbitokia

XIX. mende erdialdeko izar itxura duen garbitegia, 2011. urtean auzolanean berreskuratuta eta moldatuta.

Subizar jauregia

Subizar Armagintza kabuaren jauregia. 1567an eraikia, atzeko fatxada leiho konopialez osatuta du eta sarreran puntu erdiko arku deigarria du.  Etxea San Tiburtzio Etxea bezala ere ezagutzen da, izan ere, izen bereko elizaren arrastoen ondoan dago. 1567an Diego de Subizarrena zen etxea.

Zerbitzuak

Kokapena

Informazio gehiago

Sunbillako Udala

www.sunbilla.eus

Tel. 948 450 071

info@sunbilla.eus