Baztan-Bidasoara hurbiltzeko arrazoi nagusienetariko bat, honek eskaintze duen natur-aberastasuna eta paisai aberatsak dira. Naturgune babestuak, paisaia berdeak, antzinako eta berezko baso zabalak, ibai zabal nahiz erreka txikiak… Paisaien balio ekologikoa da Baztan-Bidasoari berezko izaera ematen diona.
Batasunaren Intereseko Lekuak (BIL)
Natura 2000 Sarean, ekologikoki garrantzi handia duten Europako lekuak sartuta daude. Natura 2000 Sarea kontserbazio eremu sailkatuen sarea da, bertako aberastasun naturala babesteko helburuz. Hainbat Batasunaren Intereseko Leku (BIL) aurkitu ditzakegu gure bailaretan, Bidasoa eta Baztan ibaia, Bertizko Natur Parkea edo Aldude mendia, Belate, Aritzakun-Gorramendi-Urritzate, Orabideko erreka eta Arxuriko zohikaztegia Baztanen adibidez.
Bertizko Jaurerria Natur Parkea
Bertizko Jaurerria, Nafarroan izendatu zen lehendabiziko Natur Parkea da eta Foru Komunitateko naturgune babestuen sarean kokatzen da. Bertiz leku berezia da, bere ezaugarri natural eta bere historiarengatik. Natur Parkeak 2.040 hektarea inguru ditu eta ia osotasunean bertako berezko oihana mantentzen du, horrenbestez Nafarroako oihan misto atlantikoaren laginik hoberenetakoa eta, zuhaitz guztien artetik, pagoa da nagusi. Bertizko Natur Parkeko basoan zehar hainbat oinezko ibilbide seinaleztatu aurkituko ditugu naturaz gozatzeko.
Parkearen sarreran 100 urte baina gehiago dituen lorategi botaniko ederra dago, baita Naturaren Interpretazio Zentrua ere. Bertizko lorategi historiko-artistikoan, munduko 120 zuhaitz espezie baino gehiago daude, adibidez; nekosta soildua, Libanoko zedroa, Txinako gingkoa, Suaren Lurraldeko araukariak, Kaliforniako sekuoiak, kameliak, azaleak edo banbuak. Art Nouveau estiloko eraikin erromantikoak ikusiko ditugu lorategian, urmaelek, estalpeek, Belle Epoque estiloko behatoki batek eta jaurerriko kaperak lasai paseatzeko leku berezi eta xarmanta eskaintzen dute.
Leurtzako urtegiak; Aisirako Natur Eremua
Gaur egun, Leurtzako ingurumen eta natur balioak babestuta daude. Urtegiak pagadiz inguratutako arro itxi batean egoteak halako magia berezia ematen dio lekuari. Maitagarrien ipuin batetik atera izan balira bezala, Leurtzako urtegiak Aisiarako Natur Eremu izendatu dituzte. Horrela, bertan erretegiak, altzariak eta informazio guneak egotea, eta horiekin batera, ura, baso-magalak, lasaitasuna eta paisaia erakargarriak inguruan izateak, helburu paregabea bilakatzen du familiendako.
Leurtzak aurkituko dugun fauna, baso atlantiar hezekoa da. Baso-igel gorria da inguru honetako espezie ezagunena (Rana temporaria), bertan bizitzeko ur nahikoa eta temperatura egokia du. Beste hainbat espezietako igel eta arrabioak ere badaude, baita basurde, azeri, orkatz, lepazuriak edo azkonarrak ere. Hauez gain, saguzarren habitata hobetzeko lanen ondorioz, gero eta espezie gehiago ikusten ari dira inguruetan.
San Juan Xar; Natura-Erreserba
Igantzin aurkitzen den leku berezi honetan, bertako natur-aberastasuna herritarren sinismenekin nahasten da. San Juan Xarren xarma (Carpinus betulus) baso bat dago eta 1987. urtean Erreserba Naturala izaera hartu zuen espezie hau modu naturalean hazten den leku bakarrenetarikoa delako Iberiar penintsula osoan. Xarmaz gain, gaztainondo zaharrak, astigarrak, haritzondo eta lizarrak ere ikusiko ditugu.
Mendebaldeko Pirinioen bihotzean aurkitzen den eremu berezi honetan, haitzulo bat ere ikusiko dugu artzain baten eskultura handi batekin, inguruko biztanleak mitologiako hainbat pertsonaiari bertan eskaintzak egiten zizkietela erraten da. Bertako iturriak hiru ur txorrota ditu eta bertako urak antzinatik botere sendagarria duela uste da, azaleko gaixotasunak sendatzen dituela sinesten dute askok eta erritua egitera hurbiltzen dira bertara.