Scroll Top

Doneztebe

Informazio orokorra

Bailara: Malerreka
Biztanleak: 1732 (2017)
Azalera: 8,6 Km2

Malerreka bailarako herri handiena da Doneztebe, iparraldean Sunbillarekin egiten du muga, hegoaldean Donamaria eta Oitz ditu, ekialdean Bertizarana eta mendebaldean Elgorriaga.
Erdi Aroan sortutako herria da, merkatari eta itsasgizon indianoak, goi-funtzionarioak, militarrak eta bestelakoak ziren bertako biztanleak. Hori dela eta, Erdi Aroaren bukaera eta Aro Modernoaren hasierako hainbat eraikin eta hiri-elementu aurki ditzakegu Donezteben: 1500. urte inguruan hainbat dorre eta harrizko jauregi-etxe eraiki ziren, gerora zaharberritu diren arren, estilo gotikoa mantentzen dutenak. Hobekien iraun duena Merkatarien Karrika izen esanguratsua duen kalean dago, eta inguruko etxe tipikoen ereduarekin bat egiten du.
Aipagarria da Ezkurra eta Ezpelura errekek bat egiten dutela herrian, aldi berean Baztan edo Bidasoa ibaiarekin ere bat eginez, izan ere, ez dago argi zein puntutan hartzen duen Baztan ibaiak Bidasoa izena. Ezkurra errekaren bazterrean doa Uraren Bidea izeneko ibilbide polit eta erraza, oinez naiz bizikletaz egin daiteke eta Doneztebe, Elgorriaga, Ituren eta Zubieta bisitatzeko aukera ematen ditu ibilbide eder honek.

Bestak

Herriko bestak: Ekainaren 28tik uztailaren 2rarte ospatzen dira (ekainak 29, San Pedro). Mota guztietako jarduerek osatzen dute programa: musika, dantza, erremonte profesionaleko jaialdia, su artifizialak, zezensuzkoa,… Meza nagusia San Pedroen ohoretan egiten da eta bertan abesbatzak Irigoyen musikagileak Donezteberi konposatu zion himnoa abesten du. Behin kanpoan dantza egiten zaio banderari eta gero, herriko dantzariek Trapatan dantza egiten dute.

Inauteriak: Errauts-asteazkenaren aurreko ostegun eta ostiralean gazte konpartsak herri eta baserri auzoetan puska-biltzea egiten du, mozorroturik. Larunbatean inauteriko egun handian, arratsaldez desfilea egiten da kaleetatik.

Bertze bestak

Udazkeneko feria: San Martin egunaren arabera egiten dira, azaroaren 2 edo 3. ostiralean. Herri tradizio handiko jaia da. Eskualdeko jendea etortzen da feriara ganadu bila -zaldi-behorrak, behiak, ardiak… Inguruko artisauen lana ere ikusi eta erosi daiteke.

Udaberriko feria: Maiatzaren lehen ostiralean ospatzen da; ganadu feria, artisauak, nekazaritza makinak…

Santa Luzia: “jostunen besta” abenduaren 13an ospatzen da, udalak, zilarrezko titare bat oparitzen die herriko jostunei. Artisauak, taloak eta feria giroa egoten da elizako atarian.

Bigarren bestak: Iraileko 3.asteburuan ospatzen dira, San Migelen asteburuan. Herriko besten antzeko jarduerak izaten dira.

Interes turistikoa duten lekuak

San Pedro eliza

hainbat garaitan altxatu eta handitu zen, bereziki XVI. eta XVIII. mendeetan. Elizako dorrea, hasieran, Leringo jaunen gaztelu zaharreko dorrea zen. Harlanduzko lehen gorputza zaharrena omen da. Honen defentsa helburua argi ikusten da, oraindik ere kanoi zuloak eta kanoiak mantentzen direlako. Barnealdean nabarmentzeko modukoak dira erretaula barrokoak eta organoa.

Alde zaharra

Kaleetatik ibilita estilo eta garai ezberdinetako eraikinak ikusi ditzakegu. Intzakardi kalean XVIII. mendeko Jauregi-Etxea dugu eta Merkatarien kalean, XV. mendeko etxe gotiko eder bat ikusiko dugu.

Intzakardi parkea

Historiak dio parke hau garai batean ingelesen hilerria izan zela, frantsesen aurka izandako borroketan. Gaur urte osoan izugarri bisitatua den parkea da, eta bertan platanondoko ale bikainak nabarmentzen dira. Bertako zuhaitz anitz ere ikus daitezke bertan eta Bidasoako Bide Berdea eta Ederbidea bertatik igarotzen dira.

Bear-Zana plaza

1855an egina eta egun ere Laxoa (pilota modalitate zaharrena) partiduez gozatu daiteken plaza handia, herritarren bilgunea.

Zerbitzuak

Kokapena

Informazio gehiago

Doneztebeko Turismo Bulegoa
(Udan eta Aste Santuan irekita).
Bulegoa Merkatuko errepidean dago,
lehenagoko autobus geltokian

Telf. 948 45 18 08

oitdoneztebe@gmail.com

Doneztebeko Udala

doneztebe.eus

Tel. 948 450 017

santesteban@doneztebe.es