Scroll Top

Ederbidea

Ederbidea

Bidasoko Bide Berdea mugaz gaindiko Ederbidea proiektu europarraren barnean dago txertatuta. Proiektuak Nafarroako, Gipuzkoako eta Frantziako hegoaldeko lurraldeetan, Iruñea, Donostia eta Baiona hiriburuen inguruan bizikletarako ibilbideen sare bat sortzea du helburu. Horrela, EDERBIDEAri esker errepide edo tren garraioaren inguruko gaur egungo eskaintzari mugikortasun jasangarriko ardatz berri bat, bizikleta, gehituko zaio; osasuntsua, isurpen kutsagarririk gabekoa, ingurumenarekiko errespetuzkoa.

Zentzu horretan, EDERBIDEAren asmoa da ibilbide horietan bizikletaren erabilpena orokortzea, ez soilik aisialdi edo turismo jarduera bezala, baita tokian tokiko joan-etorrietarako eguneroko baliabide gisa ere, baliabide jasangarria eta ingurumenarekiko errespetuzkoa.

Honela, bizikleta ibilbideen bitartez EDERBIDEAk hiru helburu lortu nahi ditu: isurpen kutsatzaileak murriztea, zirkulazioa arintzea eta herritarren osasuna hobetzea.

EDERBIDEA proiektuak hainbat jardun jasotzen ditu: turismo-ibilbideen mapak egin; txirrindularientzako bideen inguruko sentsibilizazioa eta sustapena landu; eta batez ere, txirrindularientzako azpiegiturak hobetu eta berriak sortu; esate baterako, Plazaolako eta Bidasoko Bide Berdeak lotuz, “Eurovelo 1” Europako txirrindularitza sarea egokituta.

EDERBIDEAren aurrekontu globala 9 milioi pasatxo da, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsek (EGEF) finantzatzen dute % 65ean, Interreg VA POCTEFA programaren bitartez.

Proiektuan 12 bazkidek esku hartzen dute: Pirinio Atlantikoetako Departamenduak, Nafarroako Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Cederna Garalur Elkarteak, Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak, Imotz, Biarritz, Donibane Lohizune, Hendaia eta Irungo Udalek, Euskal Herria – Adurreko Mugikortasunaren Sindikatuak eta Plazaolako Turismo Partzuergoak.

EDERBIDEAk jarraipena ematen dio CIRCULDOUCE mugan gaindiko proiektuari. Azken horren helburua zen Baionaren eta Iruñearen arteko turismo ibilbideak sustatzea. Proiektu hark POCTEFA 2007-2013ren finantziazioa jaso zuen.