Informazio orokorra
Bailara: Bortziriak
Biztanleak: 2.735 (2018)
Azalera: 54,7 km2
Herri arkitektura oso eder eta zaindua duen Bortzirietako udalerria da Lesaka. Erreka, zubi eta iturri ugari ikusi daitezke herrigunetik. Zati handi batetan Bidasoa ibaiak mugatzen ditu udalerriaren mugak, iparraldean Irun eta Bera ditu, ekialdean Etxalar, hegoaldean Igantzi, Arantza eta Artikutza (Goizueta) eta mendebaldean Oiartzun.
Agiña inguruan dauden trikuharriak eta mairu-baratzak dira gizakiaren lehen arrastoak Lesakan. Herriari buruzko lehen aipamenak 1203. urtekoak dira, badirudi XIV. mendearen lehen erdialdean sortu zela Lesakako herrigunea. Lesakak gaztelako armadaren hainbat eraso, arpilatze eta sute jasan zituen urte ezberdinetan. 1499. urtean, nafarroako errege ziren Joan Albretekoak eta Katalina I.ak Lesakan hamabortzero merkatua eta urtero bi feria egiteko pribilegioa eman zien. Horrekin batera burdinolak ere ezarri ziren; hortaz, merkatu-feriei eta burdinolei esker, nabarmen egin zuen goiti udalerriaren garapen ekonomikoak. Bertzalde, 1958an ezarri zen “Lesakako Laminazioak” enpresa; harekin batera hasi zen industrializazioa Lesakan, honek ere udalerriaren izaera nabarmen aldatu zuen.
Bestak
Herriko bestak: San Ferminak dira herriko besta nagusiak eta Uztailaren 6tik 10era ospatzen dira. Uztailak 7an, San Fermin egunean, Lesakako irudi ezagunetariko bat diren ezpatadantzariak ikusi daitezke dantzan herriko txistulari taldeaz eta musika bandaz lagunduta.
Inauteriak: Lesakako inauteriak ere oso ospetsu eta antzinakoak dira, batez ere igande ilunabarrean herriko kaleetatik ikusi daitezken Zaku-Zaharrak direla eta.
Olentzero Eguna; Abenduak 24an ospatzen da. Olentzero, gaur egun Euskal Herri guztian ezaguna den pertsonaiaren jatorria ezezaguna bada ere, aunitzetan elkartu izan da Lesakako herriarekin.
Bertze bestak
Lesakako Feriak: Bortzirietako azienda azoka azaroaren hirugarren asteko ostegunean ospatzen da. Azienda azoka, bertako artisauak, janari postuak, pilota partiduak, herri-kirolak, musika eta beste hainbat ekimenez goza dezakegu.
San Anton eguneko erromeria: urtarrilaren 17aren hurrengo igandean ospatzen da. Inguruko herrietako bizilagunak San Antonera joaten dira, gehienak oinez. Bertan musika, ermitan meza eta janari postuak egoten dira. Arratsaldean, Lesakako plazan musika eta dantzaldia egoten da.
Interes turistikoa duten lekuak
Zabaleta dorrea
Onin errekaren ertzean ikusi dezakegu XV. mendean eraikitako harrizko dorretxe handia da. Betebehar militarreko eraikuntza, gaztelarrak erre zuten, hori dela eta, 1444an Joanes II.a Nafarroakoak dorretxeko jaunari Lesaka gipuzkoarrengandik defendatzeagatik dorretxea berreraikitzeko diru laguntza eman zion. Dorrearen hegoaldean, ikus daitezkeen bertze eraikuntzaren aztarna itsatsiak dorre zaharrenak direla uste zuen Caro Barojak. XIX. mendearen hasieran, Napoleondar Gerretan dorretxeak Wellington britainiar duke ospetsuaren gudarosteei ostatu eman zien. Gaur egun, jabetza pribatuko eraikina da eta 2009an burutu ziren azkeneko zaharberritze lanetan aitzinako itxura berreskuratzen saiatu izan dira.
Tourseko San Martin eliza
Katedralen antzeko dimentsioak ditu barnealdean eta Nafarroako elizarik monumentalenetarikoa da. Muino-gainetik, herri osoa hartzen du bere menpe, habearte horizontalaren bitartez, eta azpian duen dorretxearekin kontrastea egiten du. XVI., XVII eta XVIII. mendeetan egindako lanen emaitza da. Barnealdean, aldare nagusiko erretaula nabarmentzen da, rococo estiloko zenbait eskulturaz apaindua. Bai erretaula nahiz alboetako piezak, nafarroako barroko lan interesgarrienetakoa osatzen dute.
Agiña
Oiartzunera doan errepideari jarraituz iristen da Agiñara. Burdin Aroko hainbat trikuharri eta tumulu ikusi daitezke bertan, leku lasai, sinboliko eta berezia da. Honengatik, Aita Donostiaren omenez Jorge Oteizak estela bat jarri zuen bertan, Luis Vallet arkitektoak egindako aldarea ere ikusi daiteke ondoan, biak hiru mairu-baratze txikiren erdian. Agiñan, burdin aroko gotorleku bat ere aurkitu da eta 40. hamarkada inguruko hainbat bunker daude, bertara iristeko hartzen den Lesaka eta Oiartzun elkartzen dituen errepidea Espainiako Gerra Zibileko preso errepublikarrak egin zuten. Inguruan hainbat mendi ibilbide egiteko aukera dago.
Minddurinea dorrea
Minddurenea dorretxea Lesakako eraikinik zaharrena omen da, XIV. mendekoa dela diote arkeologoek. Elizako bidean ikusi dezakegu dorrea.
Zerbitzuak
Kokapena
Informazio gehiago
Lesakako Turismo Bulegoa
Beheko plaza, 7 Behea
Tel.: 948 63 80 07
Lesakako Udala
Tel.: 948 63 70 05